Postu ugari biltzen dira Garaziko merkatuan.

Garaziko merkatua, euskararen topaleku

Ezagutzeko txoko polit ugari ditu Donibane Garazik. Erdiguneko kale zaharrak, harresia… Baina bada hitzordu garrantzitsu bat, bisitatzea merezi duena: astelehenetako merkatua.

Baigorriko Agorerreka etxean gaua eginda joan gara bertara. Eskualdeko ekoizleen topaleku, herritarrek eta nekazariek nahiz artesauek bat egiten duten lekua da merkatua. Gaztak, hestebeteak, eztiak, erreximenta, Irulegiko ardoa, mermelada eta barazkiak; nahiz larruzko edo ehungintzako eskulangileen produktuak aurki daitezke. Axuriak edo arkumeak ere eramaten dituzte batzuetan; oraingo marraka hotsak lehen baino gutxiago diren arren.

Gure gomendioa: gazta. Zaleak izanez gero behintzat! Artzain ugari etortzen da oraindik plazara. Gustu guztietako gaztak; ahuntzarena, ardiarena, behiarena… Galdetu, dastatu eta etxera.

Inguruetako ekoizleak elkartzen dira merkatuan.

Berezia da merkatua, euskararen topalekua ere badelako. Deigarria egiten da, Donibane Garaziko kaleetan euskara entzuten bada ere, gehiago entzuten da merkatuan.  Bai gure parean behintzat. Bertan elkartzeko ohitura dute garaztarrek, ekoizle direnak nahiz herritarrek. Aukera polita da gastronomia zaleentzako bertako jendearekin nahasteko, behe-nafarrera entzuteko.

Merkatua, baina, azken urteetan gainbeheran doala diote. Gero eta gutxiago dira datozen ekoizleak, askok nahiago edo errazago dutelako zuzenean etxetik saldu. Zehazki erakundeetatik ez babesteaz gain, trabak jarri dizkietelako plazan euren postua jarri nahi dutenei. Garazin eta inguruko eskualdeetan asko dira nekazari eta ekoizle txikiak; negozio txikiak martxan jarri eta gisa horretan tokiko ekonomiari eusten diotenak. Erakundeek, baina, turismoari begirako neurriak hartu ditu azokan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude