Bidasoarekin batera, itsasora

Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea beste ikuspegi batetik ezagutuko genuela eta, itsasoan barneratzeko aukera izan genuen.  Asmoa arrantzan nola aritzen diren ikustea zen eta kirol arrantzarako ontzi txiki batean egin genuen irteera. Hondarribiako kirol portutik goizean goiz irten eta arratsaldeko lehen orduan itzuliko ginen. Lehorrekoak ginela nabarmen gelditu zen… baina esperientziak merezi zuen.

Hondarribiako kirol portutik irten eta Hendaia dago zain parean. Aurrez aurre begiratzen diote elkarri bi herriek. Itsasora eginda, Higerko itsasargia ageri da, izen bereko lurmuturrean.

Hondarribitik abiatu orduko, Hendaia dago aurrez aurre, bere hondartza luzearekin. Atzean Larrun mendia.
Gipuzkoako kostaldea, Higerko itsasargiarekin.

Eta ekialdean, Lapurdiko kosta, hondartza luze eta itsaslabar ikusgarriekin. Hendaian, Dunbak hondartzaren amaieran. Itsaslabarrean bi uhartetxo dira, itsasoaren olatu indarrez sortu direnak. Kondairak dio jentilek jaurti zituztela Aiako Harritik. Jarraian ageri da Abbadiako Parke Naturala, aurrez aurre. Guztira 65 hektarea jasotzen dituen erreserba biologiko eta geologikoa da. Iparraldera ikusgarria da kostaleko erlaitza, flysh formazioekin.

Lapurdiko kostako erlaitza eta flysh ezaguna.

Bidasoa ibaiaren bokalaren ertzean dago Hondarribia. Euskal kostaldeko harribitxia da, zalantzarik gabe. Arrantzale usaina darion portuko auzo koloretsuak dotore janzten du herria; nahiz alde zaharreko eraikin historikoek egiten duten berezi gipuzkoar kostaldeko bazter hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude