Urkiola, pagadi eder artean

Guk ez dugu argitu zenbat buelta eman behar zaizkion Urkiolako tximistarriari. Izan ere, Urkiolan zerbait ezaguna bada, hauxe izango da, ezta? Urkiolako harria. Batzuk diote zazpi bira eman behar zaizkiola, besteek hiru edo hamaika. Kontua da, denboran gorde dela harri honi bueltak emanda bikotekidea aurkitzen delako ustea. Sinismen xelebre ugari gordetzen dira bazterretan, eta hau da horietako bat.

Urkiolako tenpluaren atarian dagoena meteoritoa dela esaten zen, baina dagoeneko ahaztu da horrelakorik. Ahoz aho gorde da botereak dituen kontua ere. Kondairak kondaira, tximistarria aitzakia txiki bat besterik ez da Urkiolako Parke Naturalera gerturatzeko.

Urkiolatik ibilbide ugari abiatzen dira, ederrak dira bertako pagadiak.

Ingurune natural paregabea da Urkiolakoa. Pagadi ederren erdian, Urkiolako Parke Naturalaren bihotza, dozenaka mendi ibilalditarako abiapuntua da santutegia kokatua dagoen gaina. Haurrentzako parkeak eta bazkari-afaritarako mahai ugari daude inguruan. Menditik bueltan, atseden hartu eta egun pasa egiteko leku polita da. Agian, Anboto Mari ere han nonbait izango da begira.

Ingurua hobeto ezagutu, eta hango sekretu guztiak jakiteko prestatuta dago Toki Alai Interpretazio Zentroa, Urkiola mendatetik metro gutxira. Bizkarra Jatetxearen aparkalekutik abiatzen da bertara doan bidea, autoz joan daiteke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude