Eguzkiarekin dantzan

Adarraren deia entzuten da eta keak hartuko du zerua. Su garrak izarretaraino igoko dira; eta egunak eta gauak bat egingo dute gaur. Gaitzak gainetik kentzeko sua eta ura , azala arazteko, zorte txarrak uxatzeko. Salto eta dantzarako gaua da, musika eta festarako, suaren inguruan biltzeko.

Bihar goizeko ihintzak ere badu esanahi berezia. Oinutsik ibili eta urte osorako katarro eta gripea uxatzen omen dira; edo larrugorritan belarretan etzanez gero, hobe. Sendabelarrak biltzeko eguna ere bada biharkoa, udako solstizioarekin landarean indartuta egongo direlako. Zegaman hala esaten zen: “San Joan goizên biltzen dan karraskillon birtute aparta izate’mendo”. Karraskiloa lore zuriko zuhaixka da, lehen harekin egindako ura askotan edaten zen. Edo beste hau ere bai: “San Joan goizên jasotzen dien eztârri belarrak, eztârriko gaitz guzîk sendatze`itu”.

Familiarren inguruko sinesmenak ere hamarkadatan bizirik egon ziren Zegaman. Familiarrak deitutakoak, zorte ona erakartzeko kutunak izaten ziren. Beste herri batzutan momorro gisa ere azaltzen dira, edo ezagunagoak diren galtza-gorri itsuran. Poltsikoan sartuta eramaten omen ziren. Kontua da, simesmenek gorde dutela solstizio gauean jostorratz ontzi bat sasi gainean zabalik utzi eta han sartzen zirela familiar deituriko jeinu berezi hoiek. Ontzia irekitzerakoan jabearen buruaren inguruan bueltaka hasten omen ziren, eta jabeak esandakoa egingo zuten.

Eguzkia irudikatuz, berriz, San Joan loreak deiturikoekin koroak egin eta soinean eramaten zituzten emakumeek. Joxe Miel Barandiaranek jaso zuen sagarrondoen edo gerezien loreak ere jartzen zituztela.

Aspaldi galdu zen arren, Ugatsako iturria biltzeko leku izaten zen udako solstizio gauean Zegaman. Txistulariek txistua jo eta dantza egiten zen. Jendeak ura edaten zuen erritu bezala. Uraren erritua Euskal Herrian leku askotan errepikatzen da, bakoitzean aldaera bereziarekin. Ura eta sua garbitzearen sinbolo dira.

Sua egitearekin batera, mantentzen den erritua da atarietan lizar adarrak jartzearena. Baita, San Joan bezperan arbola igotzearena ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude