Baztan eta Baigorri, mugaz gaindi


Hauxe izan liteke bidaia bat amaitzean gerta daitekeen onena: itzultzeko gogoz gelditzea. Eta horixe da guri Baztanen gertatzen zaiguna. Erratzu erdigune, Elizondo, Amaiur eta Baigorri aukeratu ditugu mapan. Asteburu batek eman zezakeen guztia eman du.

Erratzu

Baztanen ipar ekitaldeko herri txikia da Erratzu; txikia bezain polita. Almandozeko harrobitik ekarritako harri gorriek izaera berezia ematen diete etxeei, Baztan ibar gehienean bezala. Egurrezko balkoi luzeko etxe dotoreek Nafarroa iparraldean ohiko den arkitektura tradizionala gordetzen dute. Badirudi Erratzuko kale estuen alde banatan nahieran kokatu direla.

Baztango Kanpina izan dugu abiapuntu. Bertatik, oinez joan daiteke herrira (200 metro inguru besterik ez daude) eta merezi du bertako kaleetan galtzeak.  Herri txikia izanagatik, herri bizia da Erratzu; eta euskalduna. Ume parkea eta mahaiak ditu pilotalekuaren ondoan, jan-edanerako tabernak eta janari dendak ere badaude herrian.

Aranea eta Iñarbegiko errekek bat egin, eta Baztan errekak bere bideari hasiera ematen dio hemen, geroago Bidasoa izango dena, Hondarribian itsasoratzeko. Gertu ditu Erratzuk Amaiur, Arizkun edo Elizondo bera.

Nafarroa iparraldeko arkitektura berezia gordetzen dute Erratzuko etxeek; harmarria daramate ate gainean askok.
Etxe koloretsuek janzten dute herria.
Garai bateko harraska da hormaren kontra dagoena; ura ateratzeko ubidearekin.

Hasierara joan

Gorostapolo, auzorik ederrena

Herriguneaz gain, bi auzune nagusi ditu Erratzuk: Iñarbil eta Gorostapolo. Azken hau, bereziki, inguru hauetako auzorik politena izan daiteke. Bertatik abiatzen da Xorroxin urjauzi ezagunerako ibilbidea ere; nahiz eta orain urte gutxi herrian, eskola ondoan, egin duten aparkalekuan utzi behar den autoa.

Gorostapolo auzoa. Hobe da autoa Erratzun aparkatzea, bertan ez dagoelako lekurik.

 


Hasierara joan

Amaiur, historiaren lekuko

1522an Nafarroako erresumaren konkistan nafar talde batek Amaiurgo gazteluari tinko eutsi ondoren, Nafarroaren, eta orohar, Euskal Herriaren independentziaren ikur bilakatu da Baztango herria. Mendeetan zehar nafarrentzat interes bereziko gunea izan da eta 2006 urteaz geroztik Arantzadi Zientzia Elkartekoek bertan egin dituzten indusketek erakutsi dute Amaiurren lurrazpian ezkutatuta zeuden aztarnak uste baino ere garrantzitsuagoak direla.

Amaiurko borrokaldia gogoratu eta han hildakoak omentzeko jarritako monolitoa dagoen lekuan bertan, azaleratu dituzte lehengo gaztelu beltzaren aztarnak. Pasarela batetik ikus daiteke gaztelu zaharraren harresia izango zena, dorreak, ur-biltegiak, etab.

Armaduren metalezko aplikeak eta baleztarako jaurtigailuen puntak aurkitu dituzte.
Ur biltegiena konkistatzaileek egindako berritze-obra da. Hiru metrotik gorako sakonera du eta hormak iragaiztuta zeuden. Inguru horretan hainbat tresna aurkitu dituzte: zeramikazko ontziak, egurrezko kaiku eta orraziak…
‘Amaiurko ezpata’ deiturikoa indusketetan izandako aurkikuntzarik garrantzitsuenetarikoa da. 2015ean aurkeztu zuen Aranzadik aurkikuntza, 500 urtez ezkutuan egon zena. Borrokarako egindako ezpata da, arina. Metro batetik gora neurtzen du, baina puskatuta dago.
1922an jarri zuten gaztelua izandako lekuan lehen monolitoa, baina 31n lehergaiekin suntsitu egin zuten. 1982an, auzolanean, altxatu zuten gaur egungo monumentua. Nafarroako ezkutua du gainean eta aldeetan Nafarroako sei mendindadeetakoak; baita Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak ere.

Herri sarrerako arkuak ongi-etorria emanda, kale bakar baten inguruan biltzen den herri dotorea da Amaiurkoa. Arkitektura tipikoaren erakusleiho koloretsua da herria. Nabarmentzekoak dira Arrigada jauregia, XVI. mendekoa; garai bereko Arretxea, eta XVIII. mendeko Borda. Herri sarreran berritutako errota dago. Bere funtzionamendua ezagutu daiteke eta talo goxoak jan ere bai. Herriaren amaieran, goikaldean, ermita ezkerrean utzita abiatzen da gaztelura bidea.


Hasierara joan

Baigorrira, Izpegin behera

Gaueko ekaitzaren ondoren, iritsi zen barealdia. Eguraldiak ez du atseden tarte handirik ematen Baztanen, baina udaberriko eguzki ederrarekin esnatu zen eguna, beraz larunbata aprobetxatzeko aitzakiarik ez zen falta. Erratzutik Baigorriraino doan (NA-2600) errepidea hartu eta Izpegiko gainean egin genuen lehen geldialdia. Itsas mailatik 672 metrotara dago portua. Inguru hauetako oihan misteriotsutan, kontrabandisten bide zaharrek ezkutaturik jarraitzen dute, nork irekiko. Bertan irekita daude bi benta ere; leku aproposak bertako jendearekin topo egiteko. Ikuspegi ederra dago Nafarroaren bi aldeetara.

Banka nahiz Aldudeko meategietako ustiaketek ibaiari emandako kolore gorritik datorkio herriari izena. Nafarroa Egunaren habia, Behe Nafarroako herri ezaguna da Baigorri. Izpegiko gainean bazkaldu ondoren, ezin ginen gelditu bertara jeitsi gabe. Portuko bihurguneak batere erakargarriak ez diren arren, merezi du.

Bitan banatua dago Baigorri, Doneztebe elizaren inguruan dago herrigunea eta frontoiarekin, beheko gunea. Errobi ibaiak batzen ditu biak. Izpegitik iritsi eran, elizaren atzealdeko aparkalekuan aparkatzea da onena. Bertatik, Gaineko Karrikan barrena zeharkatu dezakegu herria, Errobi ibaia gainditzen duen erromatar zubiraino. Zubia pasata iritsiko gara beheko aldera.

Herrian gainaldean ageri da Etxauzia gaztelua. Etxauzeko Grazianek eraikiaraziko zuen Erdi Aroan eta bertatik kontrolatuko zuen herria. 2016an, salgai zegoela eta, herri ekimena abiatu dute hura erosteko: Etxauzia, zabal eta bizi.

Errobi ibaiaren ertzean dago parkea, mahaiekin eta umeentzat jolastokiarekin.
Gaineko Karrikak lotzen ditu Baigorriko bi herriguneak.
Errobi ibaia zeharkatzen du Erdi Aroko zubi zaharrak.
Urritzpileta, Usatxarreta eta Arriurdingo gainetara ikuspegia, Baigorritik.
Gaztetxoak beheko frontoian.
Etxauzia gaztelua herriko txoko guztietatik ageri da.
Erdi Aroko zubiaren beste ikuspegi bat.
Etxauziarrek altxatu zuten Erdi Aroan, eta euskal kulturarekin lotura estua izan du.
Errekak hartutako koloreak ematen dio izena Baigorriri; ibai gorri.

Hasierara joan

Elizondo, erdigune

Hamabost herrik osatzen dute Baztan udalerria, eta Elizondo da herri nagusia. Baztan errekaren bi aldetan biltzen da herria. Ezagunak dira uztailean egiten den Baztandarren Biltzarra edo udaberriko nahiz urriko azokak. Edonola ere, azken urteetan beste hainbat erakargarri ere baditu herriak. Dolores Redondoren Baztango Trilogian biltzen diren eszenatokiak ezagutzeko ibilbideak egiten dituzte; baita ‘El Guardian Invisible’ grabatutako lekuak bisitatzeko ere.

 

Elizondo erdigunea, taberna eta dendes josita, herriko gunerik animatuena da.
Bidasoa ibaia zeharkatzen duen zubi mitikoa.
Hilabeteko hirugarren igande eguerditan egiten dituzte Mutxiko Dantzak, edonork parte har dezake.


Hasierara joan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude