San Adriango sekretuak, itzaletik argira

Urrutira joan gabe, etxe ondoan ditugu lekurik ederrak; eta hau da horietako bat. Historian zehar hainbat gertakariren lekuko izan da San Adriango igarobidea. Milaka urtetako sekretuak gorde ditu bere baitan eta, antzezlan bidez, denboran atzera bidaia egin dute asteburu honetan. Artzain, erromes, bidelapur, obispo, merkatari, errege-erregina… asko izan dira mendeetan zehar bertatik pasa eta aztarna utzi dutenak.

Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko gune esanguratsua da San Adriangoa, Leizarrate harkaitzean urak irekitako ahoa, mendizaleek ondo ezagutzen dutena. Gipuzkoa eta Araba arteko igarobide garrantzitsua izan da, eta asko dira handik pasa zirenek utzitako testigantzak. Aztarnarik aberatsenak Erdi Aroakoak badira ere, Aranzadi Zientzia Elkarteak San Adrianen egindako indusketek erakutsi dute duela 14.000 urte, dagoeneko, garaiko gizakien bizileku izan zela igarobidea. Hain zuzen ere, azken urteetako indusketek Goi Paleolitoraino eraman ditu arkeologoak.

Lurrazalak gorde ditu sekretuak, Aranzadik entziklopedia ireki duen arte; zimenduz zimendu egin dute atzera. San Adrian barruko ermitaren aurrealdean ikus daitezke indusketa lanak: hiru metro pasatxo aztertu dituzte, eta beste bost badituzte aurretik. Azken glaziazioko ehiztari eta bilatzaileen aztarnak dira zaharrenetakoak. Koban nahiz kanpoaldean, adibidez, ebakitzeko, zerratzeko eta karrakatzeko erabiltzen zituzten suharrien hondarrak aurkitu dituzte. Pasabidearen barruko galerietan, berriz, gorpuzkinak ere aurkitu dira. Goi Paleolitoan nomadak ziren, eta hotzetik babesteko leku egokia izango zuten San Adrian. Ordutik, behintzat, gizakien bizileku izan da gune hau etenik gabe.

Goi Paleolitoan, dagoeneko, bizileku zuten San Adrian.

Brontze Aroan du hurrengo geltokia San Adriango historiak, duela 4.000 urte. Azterketen erakutsi dute garai hartan etxolak eta animalientzako ukuiluak zeudela haitzuloan. Ermitaren atzealdeko gunean hainbat metrotako zundaketak eginda Gipuzkoan garai horretako okupazio esanguratsuenetako bat atera zuten argitara Aranzadiko arkeologoek. Zeramikazko ontziak aurkitu dituzte bertan (ehunka ontziri dagozkien 1.500 zati baino gehiago), silexezko lanabesak eta fauna eta floraren hondarrak. Ezaugarri bereko zeramika zatiak aurkitu dituzte Etzegaraten (Idiazabal). Beraz, Aranzadik ondorioztatu du zentzua lukeela esateak giza talde berak beheko larreetan egingo zuten urte sasoi bat ganaduarekin, eta goiko larretan bestea.

Nabarmenagoak dira Erdi Arotik aurrera San Adrianez gorde diren aztarnak. Pasabide estrategikoa izan zen, Gaztela Erresumarentzat puntu garrantzitsua XIII. mendean Gipuzkoa eta Araba bereganatu zituenetik. Gertu zeuden Etzegarate edo Otsarteko portuak Nafarroako Erresumaren esku zeuden. Garai hartakoa da erromatar galtzada gisa ezagutzen den bidea. Erdi Aroan eraiki zuten galtzada; “erromatar” deitzen zaio, zaharra dela esateko esamoldea gisa.

Asko dira lekukotza idatziak, bidaiarien egunerokoetan jasota gelditu direnak. Bisitarien harridura jaso dute idatziek, bazen zizel eta mailuz mendia zeharkatzeko gizakiek egindako zuloa zela pentsatu zuenik; edo baita inoiz ikusitako pasabiderik beldurgarriena zela esan zuenik ere. Erdi Aroan gotortua zegoen San Adrian, omenaje dorrea ere bazuen (kanpotik ezkerraldean), ostatua, hilerria, zalditebia eta ermita ere bai. Alkaidea izango zen bertako agintari.

Harrizko oinarriaren gainean eraikitako egurrezko hormadun gaztelua zegoen; haitzuloaren bi aldeak estalita barruan hainbat eraikin hartuko zituen.

Nafarroako Erresumaren konkistarekin galdu zuen pasabide honek bere garrantzia eta Arlabango bideak hartu zion lekukoa. Edonola ere, XVIII. mendera arte pasabide izaten jarraitu zuen. Bertako azken biztanleak mikeleteak izan ziren. Lehen zen ostatuari erantsi zioten kuartela. Inguruko zaintzaile ziren mikeleteak eta bidesaria kobratzen zuten. 1911n suntsitu zuen sute batek haien eraikina.

1855 urtean jarri ziren mikeleteak igarobidean.

Gaur egun, uztailean egiten ditu Aranzadik indusketak San Adrianko igarobidean. Bertan topatutako piezak, gainera, Zegamako Anduetza Parketxean daude ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude