Zugarramurdi, sorginen herria

Behin batean ba omen ziren bi anaia, Zugarramurditik hurbil bizi zirenak. Zaharrenak, Matias izenekoak, baserria, lurrak eta aziendak heredatu zituen, baina anaia gazteak, Perukok, soinean zeramana baino ez zuen…

Zugarramurdiren ikuspegia leizeko begiralekutik.

Uste dut esan daitekeela Euskal Herriko herririk bisitatuenetariko baten aurrean gaudela. XVII. mende hasierako gertakari tamalgarriek aztarna utzi dute Nafarroako txoko honetan. Baina, beltzezko zaldunen oroitzapenaz gain, herri jakintzak ere gorde dira, belaunaldiz belaunaldi pasatako ohiturak eta istorioak. Leizea eta Sorginen Museoa dira Zugarramurdin herriko historian barneratu eta sorginen kontu zaharrak ezagutzeko bi gune nagusiak.

 

Sorginen Leizea

Sorginen Leizea gune karstikoa da, herrigunetik kilometro erdira kokatua. Ur korronte batek zulatu zuen barrunbe nagusia, Infernuko Erreka izeneko ibaiak. Ia hamar metro altuera du barrunbeak. Goiko aldean beste bi barrunbe ditu, baita Akelarrea deituriko larrea ere. Jasoa dagoenez, sorginak han biltzen omen ziren deabrua aker itxuran gurtzeko; astelehen, asteazken eta ostiral gauetan goresten omen zuten.

Lezearen barrunbe nagusia.
Infernuko Erreka. Bisitari hasiera emateko, ibilbidea egin daiteke leizearen inguruan.

Sorginen Museoa

Sorginen Museoak, bestalde, herriko historian barneratu eta Inkisizioak eskualdean egindakoa xehetasunak ezagutzeaz gain, euskaldunen erritu, ohitura eta jakindurian barneratzeko aukera eskaintzen du.

ZER GERTATU ZEN ZUGARRAMURDIN?
Urdazubiko monastegiaren eliz-jurisdikzioaren mende zegoen Zugarramurdi. Bertako abade Leon de Aranibarri izan liteke Inkisizio Saindua Zugarramurdira etortzearen arduraduna. 1609 urtean Maria Ximildegikoa eta beste hainbatek “deabru sekta bateko kide” zirela onartu zuten Zugarramurdiko elizan; penitentzia jarri zitzaien eta, itxuraz, bakeak egin zituzten. Anekdota hutsa izan zitekeena baina, Inkisizioko agente lana eskatzeko argudio gisa erabili zuen Leon de Aranibar abadeak.

Ofizio Saindukoek sorginen kontuen berri izan zuten eta eskualdea isilpean bisitatu ondoren, Juan del Valle Alvarado eta Alonso Becerra inkisidoreek uste zuten sorgin sekta baten aurrean zeudela. Ezagutzen ez zuten kultura haren aurrean, ezjakintasunak galdu zituen. Hilabete gutxira lau emakume preso hartu eta Logroñora eraman zituzten; egun gutxi geroago euren bila joan ziren sei senide ere preso hartu zituzten. Denek gauza bera aitortu zuten: sorginak zirela, deabruzko komunitate bateko kide eta zernahi krimenen erantzule.  Logroñoko Fede Autoan amaitu zen haien lana 1610 urtean: 11 pertsona sutan erre zituzten eta beste 42ri hainbat zigor jarri zizkieten.

Logroñoko Autoaren ondoren, Nafarroa iparraldera jende asko iritsi zen. Zalaparta hura gelditzeko asmoz Alonso de Salazar Frias inkisidorea bidali zuten eskualdera Graziazko eta Isiltasunezko Ediktuak eskuetan. Zortzi hilabeteren buruan Logroñora itzuli zen sorginkeriari buruzko 1.802 aitorpenekin eta 5.000 izen baino gehiagorekin. Beste hiru urtez luzatuko zen historian izan zen sorgintza prozesurik handiena.

1614 urtean bukatu zen Zugarramurdin hasitako auzia inkisidore nagusiak eta Supremako Kontseiluak hala aginduta. Ofizio Sainduak zigorrak leundu zituen eta sorginak sutara eramateari utzi zioten, Europako gainerako herrialdeetan baino ehun urte geroago. Zugarramurdi eta bere kobak, sorgintzaren historiaren sinbolo bihurtu ziren.

BENETAN, ZEINTZUK ZIREN SORGINAK?
Mendez mende, arbasoengandik jasotako jakintzari esker, baliabide gutxiko jendeari laguntzen zieten belarketariak zeuden. Emakumeak ziren gehienak, baina baita gizonak ere. Mendikuntza modernoaren aitatzat jotzen den Paracelsok ere onartu zuen 1527an berak zekien guztia emakume haiengandik jaso zuela. Hala ere, zientziaren historiatik baztertu egin zituzten. Medikuntza ofiziala zientzia eta lanbide modura sendotzen ari zen Europan eta mediku eta farmazialari gizonezkoek soilik hartzen zuten parte. Lehengaiak eta sendagaiak partekatzen bazituzten ere, sendatzeko praktika tradizionalak paganotzat jo zituzten berehala, magikoak zirelakoan.

Nafarroako emakumeen erretratua, XVI. mendearen bukaeran.
Inkisizioaren prozesuaren gaineko pasarte eta xehetasun guztiak jasota daude.
Harrigarriak izan ziren herritar askok egindako adierazpenak: beldurra eta torturen ondorio edozer aitortu zuten.
Era honetako hainbat aitortza irakur daitezke Museoan.
Inkisidorearen bulegoa izan zitekeena irudikatua dago. Hark azkenean 5.000 izenetik gora eraman zituen Logroñoko epaileetara.
Emakumearen jakinduria eta historian zehar izan duen lekuari ere bere tartea eman diote museoan.

 

Eta barre eta algara artean, hiru sorginak bidean aurrera jarraitu zuten. Porla se, zalpate, funte fa, funte fi, txiri-biri, ekatzu, ekatzu, amen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude