Irabiako urtegia, Goñiburuko gainetik ikusita. Iratiko oihana.

Irati: umeekin egiteko bi ibilaldi

Urteko edozein sasoitan gustuko dugu nafar Pirinioa, Irati urte osoan da erakargarria. Paisaia ikusgarriak gordetzen ditu, mendi magikoak eta oihan misteriotsuak. Balio ekologiko handiko eremua da Irati oihana, pagadi eta izeidi eremu zabala. Zentzumenak piztu eta naturaz gozatzeko aukera ona. Ori, Abodi… tontor ezagunak ditu, baina oraingoan bi ibilbaldi motz eta erraz aukeratu ditugu: Goñiburu eta Itsuosin.

Hemen gure gaurko proposamena:

 

Goñiburu, Iratira begiralekua

Goñiburukoa (1.464m) mendi-talaia dotore horietako bat da; Iratiko oihanera ikuspegi paregabea duen behatokia. Otsagabiko kanpinean gaua pasata abiatu ginen Iratira. Otsagabiatik Iratiko etxoletara bidean (NA-2012), Taplako lepoan autoa utzita abiatu daiteke Goñiburura: 2,3 km-ko ibilbidea da.

 

Taplako gaina, bertan utz daiteke kotxea.

Kilometro batean harribideari jarraituz, hainbat tontorretara doazen bideek eta GR11-k bat egiten duten bidegurutzera iristen da. Han, bidea ondo seinaleztatua dago Goñiburura. Bide zidor batetik abiatzen da eta hesi ondotik, mendi gaineraino ez dago galtzerik.

Hainbat bideek bat egiten dute bidegurutzean.

Tontor zabala da, eta ikuspegi ederrak ditu alde guztietara; Ortzantzurietako mendi-mazeletatik Orhiraino. Iparraldera Iratiko oihanaren ikuspegi paregabea, Irabiako urtegiarekin eta ezkerrerago Berrendi. Ekialdean gelditzen da Goñiburu Txikia tontorra eta urrutirago Abodiko tontorrak. Hegoaldean Zaraitzuko ibarra eta Otsagabia. Aragoiko Pirinioetako lehen tontorrak ere begiztatu daitezke.

Iratiko oihanaren ikuspegi zabalaz gozatu daiteke Goñiburutik.
Irabiako urtegia.
Aragoiko lehen tontoterrak ere ikus daitezke bertatik.


Itsuosin, ur bizien ertzetik

Taplako gainetik hamabost minutura dago Iratiko Etxeetako aparkalekua (oraindu egin behar da); Elurretako Ama Birjinaren harrera-lekua da. Jai egunetan jende asko ibiltzen da bertan, hortaz lasai ibili nahi duenak hobe du goiz xamar joatea.

Aparkalekutik, Urbeltza ibaiaren ertzetik abiatzen da Itsuosin edo Cascada de Cubo gisa ezagutzen den urjauzaira bidea. Bide erraza da, inongo zailtasunik gabea; 2,6 kilometro joan-etorria eta 80 metroko desnibela du.

Aparkalekuan bertan dago informazio puntua.
Ibaiari jarraituz iristen da urjauziraino.

Ibaiarekin batera doan bidean sigi-sagan jarraituz iristen da urjauziraino. Itsuosin izena darama, urjauziaren azpian geratzen den putzuetako bati erreferentzia egiten diolako, putzu itsua. Gaztelerazko izena urjauziaren formatik dator.

Itsuosin edo Cascada del Cubo gisa ezagutzen da urjauzia. Leku itzaltsua da, beraz, bero egunetan ere giro ederra egoten da bertan.

Itzulerako bidea xenda zaharretik, leku beretik, edo pistaz egin daiteke. Baso-pistak Austegia izeneko ingurunera eramango gaitu, eta han izeidi ederrak daude.

Pistaz egin daiteke itzulera, pagadi eta izeidi artean, itzal ugari dago bidean.

Iratiko Etxeak
Ibilbide ugari irtetetzen dira eremu honetatik; gainera, basozainek informazio zerbitzua eskaintzen dute bertan basoa barru-barrutik ezagutzeko. Jatetxea eta taberna ere badago, baita umeentzat jolasteko eremu zabala ere. Irati.org web atarian erraz aurki daiteke informazioa.

Iratiko taberna atarian, umeentzako jolas parke handia dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude