Luz Saint Sauveur eta Gavarnie, egun bateko ihesaldia Pirinio Garaietara

Luz Saint Sauveur, Pirinio Garaien departamentuan kokatua, familian oporraldia pasatzeko leku paregabea da, baita asteburu bateko ihesaldirako ere. Aurtengo udan, Euskal Herritik Val d’Aranera bidean geldialdia eginez ezagutu dugu Okzitaniako txoko hau. Udako eguraldi ona lagun, Hautes-Pyrénées aurtengo aurkikuntza izan da.

LUZ SAINT SAUVEUR, HERRIA EZAGUTZEN

Mendiko herri txikia da Luz Saint Sauveur, baina herri bizia. Bisitari ugari jasotzen ditu eta mendia izango da udan horren arrazoi nagusia. Hala ere, ondare historiko eta arkitektoniko aberatsa du eta hainbat leku ezagunetatik gertu gelditzen da: Gavarnie, Lurdes, Cauterets edo Frantziako Tourrean horren mitikoa den Tourmalet portua.

Denda eta tabernaz josita dago Saint Sauveur erdigunea. Kiroletarako bizikleta eta materialen alokairurako dendak; kirol erropa dendak; elikagai dendak; artisau produktuak saltzen dituztenak; gazta, ezti nahiz bertako gastronomia jakiak dituztenak… Maiatzak 8 plaza edo Place du Mai 8 da erdigunea.

Maiatzak 8 plaza, herri erdigunean. Bertan dago informazio bulegoa ere.

Erdigunetik Calihour kaletik iritsiko gara Comporte plazara. Okzitaniako Pirinioetako herrien arkitektura berezia erakusten duten kale eta etxeak biltzen dituen txoko berezia da. Hemen dago Tenplarioen eliza edo Église des Templiers deitzen diotena ere.

Tenplarioen eliza, Luz Saint Sauveurren.
Erdi Aroko eraikinak eta arkitektura neoklasikoa nahasten dira Luz Saint Sauveurren.

Luz bailarako zaindari lanetan, oraindik zutik mantentzen da Sainte-Marie gaztelua. Bere hormetan aztarna utzi du urteetako utzikeriak, ia zati handi bat galdu delako, baina oraindik suma daiteke bere garaian izan zuen garrantzia.

Château Sainte-Marie, herriaren goialdean.

Lauki formako dorrearen lehen datuak 1180 urtekoak diren arren, gainontzeko eraikina (dorre biribila eta lau angeluko eraikina) XIV. mendekoak dira. Bigorreko kondeak ugazaba eta soldadu taldea izan zituen bertan 1300 inguruan. Handik gutxira baina, Ingalaterrako erregearen eskuetan geldituko zen gaztelua. Clément kondeak berreskuratuko zuen gotorlekua 1404 urtean; Bigorreko eta Barégeseko jauntxoek lagunduko zioten horretan, Auger de Cofitte Luzeko jaun boteretsuak gidatuta.

Hainbat hamarkadaz utzita egon ondoren, bertako erakundeen esku dago gaztelua 1988 urtetik.
Herri erdigunetik oinez iristen da gaztelura.

Oinez iristen da gaztelura, nahiz eta Esterre auzotik autoz gerturatu daitekeen. Herri erdigunetik, Maiatzak 8 Plazako zubia pasata, Esquiéze-Sére auzotik abiatzen da gaztelurako bidea. Ibilbidea seinaleztatua dago; eta argia ere badago gauez joanez gero. Merezi du bertara igotzea, bertako ikuspegia zoragarria delako.

Sainte-Marie gaztelutik ikuspegia Luz bailarara.
Sainte-Marie gazteluaren ikuspegia, herritik.

Le Hounta kanpina izan da gure abiapuntua, Sassis herrian, Luz Saint Sauverretik bost minutu eskasera. Ohituta gaudenerako kanpin lasaia eta isila; beraz, eskertzen da atseden pixka bat. Handik herri erdigunera oinez egin daiteke joan-etorria; Gavarnie ibaia zeharkatzen duen pasarela hartuz. Artisau garagardoak egiten dituzten Brasserie du Pays de Toy lantegia dago Sassisen, kanpinetik gertu eta bisita gidatuak egiten dituzte. Txirrindularitzagatik horren ezaguna den ingurua izanda, bertan egiten dituzten garagardoek ere portu mitikoen izenak dituzte: Tourmalet, Luz Ardiden, Hautacam eta Aubisque.

GAVARNIEKO ZIRKU EZAGUNA

Herritik izen bereko urjauzi erraldoiaren oinetaraino eramango gaituen mendi ibilaldi ezaguna da Gavarniekoa. Piriniotako leku ezagunenetako bat izango da honakoa, beraz ezin genuen hutsik egin. Ikusgarria da Gavarnieko Zirku (Cirque du Gavarnie) gisa ezagutzen den harkaitz harresia. Aranaren sakonean ia 1.500 metroko desnibela du zirkuak eta 3.000 metrotik gorako tontorrak ditu inguruan. Zirkuaren erdigunean agertzen da urjauzia. Europako urjauzirik altuena da, 423 metro ditu. Ordesa eta Monte Perdidoko Parke Nazionalak eta Frantziako Pirinioen Parke Nazionalak bat egiten dute puntu horretan.

Gavarnie herrigunean autoa utzi eta bertatik egingo dugu ibilaldia; bide nagusitik (beste hainbat ibilbide ere badaudelako) Bazkaria bizkarrean hartuta, egun osoko irteera izan zen guretzat. Edonola ere, ordu eta laurdenean zirkuko Hotelera iritsiko gara; handik urjauziaren oinera beste 40 minutu izango ditugu. Itzulera bide beretik egingo dugu. Guztira 11 kilometro ditu joan etorriak, baina ez dago dena egin beharrik. Ume txikiekin joan eta lehenago buelta emanda ere ibilbidea gozatzeko modukoa izango da, herritik bertatik abiatu orduko begibistan izango dugulako zirkua eta urjauzia.

Piriniotako Parke Nazionalaren bihotza deitzen dioten eremuan txakurrak debekatuta daude. Hala ere, salbuespen gisa Gavarnieko zirkura bide nagusitik joanez gero eraman daitezke, lotuta badoaz, eta hoteleraino soilik.

Urjauziaren oinera doan bideaz gain, beste hainbat ibilaldiren abiapuntua da Gavarnie.
Gavarnie herriko kaleetatik zirkua begibistan izango dugu.

Berehala iritsiko gara Broule zubira. Gavarnie ibaiaren bi ertzetatik doa bidea eta berdin izango dio nondik joan. Ia kilometro erdi aurrerago, Nadau zubian berriro ere topo egingo dutelako bi bideek.

Broule zubia, igaroko dugu Gavarnie ibaiaren gainetik.
Ibilbidearen hasieratik urjauzi erraldoia ikusten da.
Nadau zubitik aurrera, ezkerreko bidetik jarraituko dugu.

Bidea gutxika igotzen hasiko da bigarren zubia pasa eta gero. Parke Nazionaleko animalia eta landareriaren gaineko informazioa jasotzen duten panelak ere ikusiko ditugu bidean, baita Parkeko arauak jasotzen dituztenak ere.

“La Prade” gisa ezagutzen den eremua, aspaldi glaziarea zena.

Zuhaizti artean egin ondoren, La Prade eremura iritsiko gara, pistari jarraitzeko. Izei artean doan pista jarraituko dugu, eta ikuspegia ederra izango da puntu honetan. Aurrerako gorako bidea hartuko du berriro ere pistak, handik iritsiko gara Hotel du Cirque et de la Cascade hotel-jatetxera.

Begibistan dugu zirkuko hotela.
Ibilbideari amaiera emateko leku egokia da zirkuko hotela. Bertatik ikuspegia paregabea da.

Urjauziaren oineraino jarraitzen du bideak, zirkuaren sakonera jarraituz. Bidea ia xenda estua izango da eta harritsua. Azken aldapa batetik iritsiko gara urjauziaren oineraino. Ikuskizuna paregabea da. Urak harkaitza kolpatzean egiten duten hotsa, ingurune zoragarrian. Itzulera bide beretik egingo dugu.

Harri bide eta xenda estu batetik egiten da ibilbidearen azken zatia, urjauziaren oineraino.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude