Vilamós: etxea, familia, ondarea


Bailarako etxerik aberatsena izan zen Joanchiquet etxaldea; gutxienez, XVII. mendetik aurrera. Joan Aunós izan zuen lehen jabea XVI. mendean eta haren atzetik etorriko ziren familia bereko hamar belaunaldi. Val d’Aran eskualdeko herririk zaharrena da Vilamós eta bertan gordetzen da altxor eder bat: Joanchiquet Ekomuseoa.

Herri sarrerako begiralekutik herrira ikuspegia.

Baish Aran edo Behe Aran eskualdean kokatzen da Vilmós, 1.255metroko altueran. Artiga de Lin aranera eta Anetoko mendigunera ikuspegi paregabea du. Bailarako herririk zaharrena dela diote, eta bertako kaleetan ikus daitezke horren lekuko diren ehunka urteko eraikinak.

Vilamos herri sarreran, txoko bat.

Aran bailara zeharkatzen duen N-230 errepidea Pónt D’Arrós parean utzi eta errepide malkartsu batetik iritsiko gara Vilamósera. Herri gehienek bezalatxu, parkinga du sarreran, beraz ez dago arazorik autoa uzteko. Hori bai, handik aurrera hobe ez autoz sartzea. Bero handiko eguna aukeratu dugu, gaizki aukeratu ere, eta eguzkiak ez digu atsedenik emango arratsalde osoan. Beraz, babesa bilatu beharko.

TONTORRETARA IKUSPEGIA

Herri sarrerako aparkalekutik bertatik “teleskopiodun begiraleku” batera igotzeko aukera dago. Teleskopioa ez… ez zegoen bertan, beheko seinalean hala jartzen zuen arren. Edonola ere, laguntzarekin edo gabe, ikuspegia bikaina da begi hutsez ikusteko ere. Herriaren ikuspegia zoragarria da goitik; Artiga de Lin ingurua eta Aneto mendigunea ere ikusten da bertatik.

Artiga de Lin aranera eta Anetoko mendigunera ikuspegia dago begiralekutik.
Aparkalekutik aldapa mardula dago begiralekura, baina bidea ondo prestatua dago. Hamar minutua irits daiteke gora, eta merezi du ikuspegiak!

Hasierara joan

JOANCHIQUET ETXALDEA

Historiak, antropologiak eta etnologiak topo egiten dute Joanchiquet etxaldean.  Iragan urbilera gerturatzeko modua da: bailarako paisajea erakutsiko digu, zelaiak, soroak, basoetako ustiaketa, gizarte antolaketa eta familiarra. Aunóstarrena nekazari dirudun familia zen, gizartean eta politikan leku nabarmena izango zuten hainbat belaunalditako familiakideek. Etxea izan da familiaren ondare nagusia; eta bertan jaso dute familia honen historia ez ezik, bailarako historiaren zatitxo bat ere.

Vilamóseko Kale Nagusian dago Joanchiquet etxea. Irudian ikusten dira sarrera nagusia, aurreko patioa edo ataria eta etxeko sarrera.

Joanchiquet “auviatge” gisa ezagutzen dute arandar ohiko etxe baten erakusgarri da. Patio itxi baten inguruan antolatzen diren hainbat eraikuntzen osatzen dute etxea: etxebizitza, ukuiluak, usategia eta txerritegia.  Baratze txiki bat eta fruta-arbolentzat zelaia ere baditu. Inguruko etxeetatik erraz nabarmentzen da, osagai asko dituelako honek.

Atari nagusian dagoen harrera gunean hiru euroko sarrera ordaindu (gure harridurarako sarrerako langileak euskaraz egin digu!) eta etxaldearen xehetasunak jasotzen dituen eskuorria eskuetan sartu gara etxea ezagutzera. Hiru solairu ditu: beheko solairua, lehenengoa eta ganbara.

Beheko solairua
Harlauza handiz egindako zorua du sarrera nagusiak, bertatik banatzen dira beheko solairuko gelak. Sukaldea izango zen gunerik epelena eta argitasun onena zuena. Sukaldea zen familiako kideak eta auzokideekin elkartzeko, suaren inguruan esertzeko, josteko, jakiak prestatu eta jateko, errezurako, jolasteko… Joanchiqueten azaldutakoaren arabera, arandarrek “cahuades” gisa ezagutzen dituzte bizilagunen topaketa horiek, neguko gau luzeak arintzeko izango zirenak.

Ez da xehetasunik falta sukaldean. Beheko sua, jakiak prestatzeko sukaldea, ontziak garbitzeko harraska…
Lanetarako txokoa sukaldean, ondoan gordeleku txikirako atea duela.

Ia sukaldea adinako gela da bertatik iristen dena, etxeko lanetarako gunea. Batez ere emakumeek hainbat lan egingo zituzten bertan: ogia oratu eta egosi, lixiba egin eta animalientzako jakiak prestatu.

Oramahaia eta irina lantzeko tresnak ikusten dira sukaldearen ondoan kokatutako gela honetan. Sua ere bazegoen, txerrientzat jakiak egosteko zela esaten dute.
Azpilean izarak edo arropak jarriko zituzten eta irekitan zegoen ura botako zuten errauts eta guzti gainetik.

Beheko solairuaren ia erdia hartzen zuen jaki gordeleku nagusiak. Familiako kideen elikadurarako erabiltzen ziren gaiak jasotzen zituzten hemen. Ardoa egurrezko kupel handietan; olioa eta gatza buztinezko ontzietan; eta gazta egurrezko kaxetan. Lanerako tresnak gordetzeko ere bazen gordelekua; eta egurra eskura izateko ere bai.

Mendez mende etxaldeak izan zituen hainbat aldaketa. Esate baterako, XX mende hasieran gordelekuari zati bat kendu eta egongela egokitu zuten. Bisitak hartzeko eta ospakizunetarako lekua zen.

Elikagaiak eta lanerako tresnak jasotzen zituzten gordeleku nagusian, sukalderen beste aldean zegoen, sarrera nagusitik sartzeko moduan.

Lehen solairua, logelak
Berriz ere sarrera nagusitik abiatzen diren eskaileretatik igotzen da lehen solairura, logelen solairua da. Etxean azkarren pasako dugun gunea da. Gelaz gela ibiltzean, duen girotzea dela-eta, badirudi edozein momentutan agertuko dela etxeko-jauna azalpen eske.

Solairuko logeletara bide ematen duen lehen areto bat du etxeak; ospakizun edo garai berezietarako jangela-gisa bezala ere erabil zitekeena. Ez bazen gaixoak bisitatzera edo familiako norbait hil zelako, ez zen familiatik aparteko inor sartuko logeletara. Bestalde, familiako kideen artean intimitate gutxi egongo zen; logela asko elkarren artean lotuta daudelako. Belaunaldi ezberdinetako kideen artean arazorik gabe partekatzen ziren logelak. Familiaren baitan kide bakoitzak zuen mailaren arabera altzari gehiago edo gutxiago izango zituen logelan; ohea ere ezberdina izango zen.

Oinordekoarentzat eta haren emaztearentzat izango zen logelarik onena.
Sehaska ere ohearen alboan. Ziur ume txikiak ohean ordu gehiago pasatzen zituela…
Logela nagusian beheko sua ere bazuten.
Logela nagusiarekin komunikatuta dago ondoko logela ere. Aurreko belaunaldiko etxe-jabeen logela izango zen.
Aparteko logela izango zuen familiako etxean jarraitzen zuen oinordekoaren senideak. Ezkondu bitartean jarrai zezakeen bertan.
Solairuko aretoan, norbere garbiketarako.

Leihoarekin edo gabe, seme-alabentzako bi logela txiki ere badaude Joanchiquet etxean. Baita morroiaren edo neskamearen logela ere, nabarmen apalagoa eta apaizarena ere, azken hau handiagoa eta argitsuagoa. Azken hauek, elizarako bidea aukeratzen zutenak, behin ordenak hartzean familia-etxera itzultzeko ohitura zuten Aranen.

Jatorrizko komuna; atea ireki eta atzeko patiora hustuko zuten azpila.

XIX mende ingurutik komuna zuten Vilamoseko etxe honetan, 60eko hamarkadan desegin zutena, berritu ahal izateko. Komunetik atzeko patiora irteera zegoen ur zikinak botatzeko.

Hirugarren solairuan, ganbara
Bi eginkizun nagusi zituen ganbarak: batetik, elikagaiak biltzeko lekua izango zen, eta bestetik, erabiltzen ez ziren altzari eta tresnak gordetzeko. Fruituak lehortzen ere ganbaran jartzen ziren, baita arropak eserita ere.

Etxearen azalera osoa hartzen zuen ganbarak. Kutxan ikusten dira, zerealak gordetzeko erabiltzen zirenak.
Ganbararen ikuspegi zabala. Hainbat eremutan banatuta zegoen.

Ukuiluak
Etxe eraikin nagusiaren ondoan, patio itxiaren inguruan bi ukuilu ditu etxaldeak. XVIII. mendean eraikitako ukuilua dago batetik. Bertan gordeko zituzten zaldiak eta behorrak, mandoak eta, baita, ahuntzak eta ardiak ere. Bigarren ukuilu bat dago etxaldearen atze aldean, XIX. mendearen amaieran eraikitakoa. Badirudi hau behiak eta zezenak gordetzeko erabiltzen zutela.

Ukuilu nagusiaren ikuspegia.
Etxaldearen aurrealdeko patiotik iristen da ukuilu nagusira; bi solairu ditu.
Nekazaritza lanetarako, animaliekin erabiltzeko lanabesak bertan gordetzen zituzten.
Ukuilu nagusiaren bigarren solairua.
Animaliek jateko artxarak daude ukuiluan; baita herremintak zorroztekoa ere.
Usategiaren ikuspegia, bi ukuiluen eraikinen artean. Usoak ixteko nahiz untxiak eta oilaskoak hazteko erabiltzen zuten.
Txerritegia dago ukuiluaren aldamen batean.
Ezkerraldean dagoena da ukuilu txikia, eskuinaldekoa handia. Bien artean ikusten da atzeko patio itxia.
Ukuilu nagusiaren goiko solairura sartzeko atea, txerritegia ondoan duela.
Garia txikitzeko makina; eskuz txikitzen zen makina etorri baino lehen.

Hasierara joan

Arandarrentzat, Euskal Herrian bezala, etxaldea izan da hainbat mendez familiaren oinarria. Belaunaldiak elkarrekin bizitzeko lekua izateaz gain, ondare materiala eta inmateriala ere bada, eta baita ekonomikoki antolatzeko modua ere.

 

INTERESATUKO ZAIZU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude