Arties: mendi magalean

Montardo tontorraren magalean, Naut Araneko herri txikia da Arties; Piriniotako esentzia gordetzen duen herri polita eta lasaia. Valarties eta Garona ibaiek bat egiten duten txokoa da, 1.143 metroko garaieran kokatua. Herri txikia, eta polita da Arties, xarma darion horietakoa. Kaleak eta etxeak apainduta daude, gustu finez eta dotore. Erdigunean ohiko arandar kaleak eta etxeak aurki daitezke; baita kutsu neoklasikoa darien koloretako eraikinak eta Erromaniko garaiko perlak ere. Ez gara oso oker ibiliko Aran Ibarreko herririk politenetakoa dela diogunean.

Garona ibaiaren bi aldeetan dago kokatua Arties, Piriniotako herri ederra.
Kaleak eta etxeak gustuz apainduta daude; izaera eta xamar berezia ematen dio horrek herriari.

LOREAK ETA BEHIAK. Bagergueren antzera, Viles Florides edo Loreen Herriak egitasmoaren barruan dago Arties ere. Baina, lore koloretsuez gain, ikusteko politak dira zubi zaharrak eta han hemenka ageri diren iturriak ere. Hala ere, bada beste zerbait bisitarien harreta bereganatzen duena: behiak. Koloretako behiak dira eta herrian zehar banatuta daude. Guztira zazpi dira, edo hori uste dugu behintzat, eta polita da txokoz txoko haiekin topo egitea. Plaza Nagusian (Plaza Ortau) dago behia omentzeko monumentua ere. Behiena, ordea, ez da kasualitatea. Mendietan ohiko dira behiak, Piriniotako bruna edo iluna deitzen den arraza batez ere. Suitzar jatorria duen arraza da, baina Val d`Araneko baserritarrek bertara moldatu zuten 1880 ingurutik.

Edozein txokotan ageri dira Artieseko behiak, guztira zazpi dira.

 

Kalez kale, helmuga zehatzik gabe, pasiatu eta galtzeko moduko lekua da Lleidako Pirinioetako txoko hau. Bertan dago Camping Era Yerla, gure abiapuntua izen dena Val d’Aranen pasa dugun astean. Camping atsegina da, txikia eta jende joan-etorri handia duena. Instalazioak ia zahar xamarrak geldituta dauden arren, leku garbia da. Uda honetan, gainera, ostegunero etxeko txikienengan pentsatuta tallerak eta ikuskizunak egin dituzte.

Era Yerla camping-aren sarrera nagusia.

ZERBITZUAK. Herri txikia izan arren, denda eta zerbitzu ugari ditu Artiesek; denak gustuz zaindutako estetikarekin. Herriaren goikaldea, kanpoko igarobidean, pilatzen dira harategi, farmazia eta beste hainbat zerbitzu.  Jatetxe aukera zabala dago; baina poltsiko ona behar da gehienetan. Guk bi aukera gomendatuko ditugu arrazoizko prezioekin: La Oca pizzeria eta Picoti jatetxea. La Ocan etxeko pizzak egiten dituzte, aukera zabala dago, eta oso giro atsegineko lekua dute. Picoti jatetxea, Remel kalean dago, kanpinetik oso gertu. Razioak, plater konbinatuak… plater goxoak ateratzen dituzte.

Larunbat goizetan, bestalde, Plaza Nagusian fruta eta barazki saltzaileak mahaia jartzen du; baita gaztak eta bertako hestebete tipikoak saltzen dituenak ere. Informazio puntua ere badago Artiesen; Mola kalean aurrera egin behar da horretarako.

Arandar gastronomia tipikoaz gozatzeko aukera ugari daude Artiesen.

 

Larunbat goizetan etortzen da herrira fruta eta barazki saltzailea; Plaza Nagusian jartzen du bere mahaia.

 

INTERESATUKO ZAIZU…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude