Aran Ibarreko herri bizia da Vielha, edonora abiapuntu

Arandarren ohiturek eta tradizioek, turismoari begira garatu duten modernitatearekin bat egiten dute Vielhan. Val d’Aran edo Aran Ibarreko herri nagusia da Vielha; Lleidako Pirinioetan kokatua; joan-etorri handikoa eta turista mugimendu nabarmena duena. Guztira 4.000 biztanle inguru ditu eta 974 metroko garaieran dago. Mirajan (Erdiko Aran) eskualdean kokatua dago eta Araneko edozein txokotara joateko leku ezinhobea da. Aran ibarran pasa ditugun egunetan, erreferentziazko lekua izan da Viehla.

Arandarren ohiko arkitektura tradizionala mantentzen duten etxeek eta kaleek izaera berezia ematen diote mendiko herrien xarma gordetzen duen bazter honi. Batez ere neguan hartzen ditu bisitari gehien, baina udan ere asko dira bertan oporraldia egiten dutenak. Neguan elurtuta eta udan berde-berde, ipuinetako herria dirudi Vielhak.

Kale Nagusiko eraikina.

Kirol jantzi, gastronomia produktu nahiz artesau gaiak saltzen dituzten dendaz beteta dago Vielha zeharkatzen duen Pas d’Arró etorbidea. Baina, Nere ibaiaren bi ertzetan aurkituko ditugu herriko txokorik politenak; udaletxeko plazatik (Plaça Oera Gleisa) gora nahiz behera eginda. Udaletxetik Sarriulera kalean gora eginda Nere ibaia zeharkatzen duen zubira iritsiko gara. Atera argazki kamera, hemen egingo duzue eta Vielhako postala.

Sarriulera eta Kale Nagusia lotzen dituen zubitik ateratako argazkia; Nere ibaia. Garona ibaiera isuriko da geroago, Vielhan bertan.

Zubia zeharkatuta, Kale Nagusian gaude. Zubitik zubira, Vielhako alde zaharrean gaude. Harri eta egurrezko etxe zaharrak daude nahieran, kale estuen inguruan, arbelezko teilatu tipikoekin. Txoko politak ezagutzeko lekua da hau. Hemen dago baita ere Aran Ibarreko Museoa (Museu dera Val d’ Aran): bisita interesgarria, arandarren historia, hizkuntza, ohiturak eta izaera berezia ezagutzeko.

Sant Miqueu eliza ageri da kale artetik.
Kale Nagusiko txoko bat. Arandar ohiko etxeak ikus daitezke bertan.
Vielhako alde zaharrean, kale estuak eta eraikin zaharrak.

Pas d’Arró etorbidea zeharkatuta, Sant Orenç plaza dago. Udaletxeko plaza baino lasaiagoa den arren, giro ona sortzen da bertan; beraz, geldialdia egiteko leku ona da.

Zubiaren beste aldean, leku lasaia eta polita da Sant Orenç plaza.

Zinema, izotz pista, kanpoko igerilekuak, ospitala, informazio bulegoa, supermerkatuak… Aran Ibarrean oporraldia pasa gero, beharrezko zerbitzu guztiak daude Vielhan. Erdigunetik gertu, Betrén aldera parking handi bat dago

INTERESATUKO ZAIZU…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude