Araneko txokorik ezezagunenak: mendiko herriak


Pago eta izei baso artean, Toran aranean kokatzen dira Canejan eta Sant Joan de Toran herriak. Aran ibarraren iparraldean, Okzitaniarekin egiten dute muga mendi herri txiki hauek. Ez dira horrenbeste bisitari iristen bertara, eta bakardade eta lasaitasun pixka batez gozatzeko leku onak dira. Lekurik ezezagunenak dira Val d’Aranen, baina merezi dute ezagutzea.

Lesetik Pont de Rei aldera aurkituko dugu Toran aranera garamatzan errepidea. Bidea hartu orduko, mendi bide estu batean barneratuko gara. Canejan herria dago lehenbizi, Porcingles ondoren eta Sant Joan de Toran, azkena.

CANEJAN, MENDIAN ZINTZILIK

Mendi hegalean txertatua balego bezala, Toran aranaren goialdean zintzilik ageri da Canejan. Gora eta behera, malda handiko kaleak dituzte. Edozein txokotatik, ordea, ingurunera ikuspegi paregabea irekitzen da. Herriaren amaieran badago, hala ere, Aran ibarraz gozatzeko begiralekua: Pelarica.

Canejan herriko kaleetako bat. Kale estu eta aldapatsuak dituzte.

Gertutasunagatik, lotura estua mantendu izan du Canejan herriak mugaz bestaldeko herriekin. 36ko gerran, esate baterako, Canejanetik mugaz beste alderako bideak sarritan erabili zituzten erregimen frankistak abiatutako errepresiotik ihesi joan ziren errepublikar zein komunistek. Bigarren Mundu Gerran, berriz, naziek hartuta zuten Europatik ihesi zihoazenen pasabide ere izan zen inguru hau.

Canejanen, udaletxea eta plaza nagusia.
Mendi hegalean irekitako txokoetan eraikia dago Canejan herria.
Herrira iritsi baino lehenago, errepide ertzean irekitzen den begiralekutik ikuspegi polita dago Canejanera.


Hasierara

SANT JOAN DE TORAN, HERRI ZAHAR BERRIA

70eko hamarkadan, inguruaren edertasunak erakarrita, erabat utzita zeuden etxean konpontzen hasi eta bizia eman zioten Sant Joan de Toran herriari. Val d’Aranen aurkitu dezakegun ezkutuko txokoa da Sant Joaneko, leku ederra, lasaia eta harrigarria. Ondo zaindutako harrizko etxeek apaintzen dute herria.

Hondarretatik eraiki zuten Sant Joan de Toran herria 70eko hamarkadan.

 

Harrizko eta egurrezko etxe ederrak daude Sant Joan de Toranen.

 

Toran aranaren sakonean aurkitzen da Sant Joan herria, Toran ibaiaren ezkerraldean.


Hasierara

INTERESATUKO ZAIZU…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude