Oporraldia familian, Aran ibarrean


Denbora askoan zain egon ondoren, azkenean iritsi da Lleidako Pirinioetara joateko eguna. Okzitaniako Pirinioetan lehen geldialdia egin ondoren, hemen da gure bigarren helmuga: Val d’Aran. Okzitaniatik Kataluniara saltoa egin dugun arren, Pirinioen iparraldean jarraitzen dugu.

Geografikoki behintzat, Aran ibarrak lotura naturala du Okzitaniarekin; baita kulturalki ere. Aranera hizkuntza bera ere, okzitaniarraren aldaera da. Bitxikeria gisa, gainera, aranera Aran ibarrean hitz egiten den arren, hizkuntza ofiziala da Katalunia osoan 2010az geroztik.

Hiru eskualdetan banatua dago Aran ibarra: Naut Aran (goiko Aran), Mijaran (erdialdekoa) eta Baish Aran (behekoa). Bossost eta Vielha dira herri nagusiak. Mendiz ingururatuta dago, bailara babesten duen harresia balitz bezala, eta horrek zerikusi handia du inguruko herriekin duten loturarekin.

Mapak, gidak, internet… zer ikusi eta zer egin ondo antolatuta eraman arren, iritsi orduko konturatu gara hemen inprobisazioari lekua utziko diogula. Erritmoa jetsi eta Aran ibarrak berak inspiratuko gaitu; lehentasunak berriz, etxeko txikienek jarriko dituzte. Artieseko Era Yerla kanpina izan da astebetean gure oinarrizko kanpalekua; eta Aran ibarreko ipuinetako herri loretsuak, mendiak eta urjauziak izan dira gure agendan protagonista. Baina baita, tirolinak eta izotz pistak ere, besteak beste.

ZORTZI HERRI MAGIKO ETA HARRIGARRI ARAN IBARREAN BARNERATZEKO


Mendialdeko herri txikietako itsura berezia duten herriak dira Aran ibarrekoak; xarma magikoa dutenak. Bertako kaleetan pasiatzea nahikoa da giroan antzematen den lasaitasunez bustitzeko; presarik gabe. Egurra, harria eta arbela nagusi dira Arandar herrietan. Ohiko arkitektura tradizionala mantentzen da herriz herri, eta txoko ederrak sortzen dira ibai ondo eta kale ertzetan. Hona hemen Val d’Aranen ezagutu ditugun zortzi herri:

1. Arties, herririk politena

Oporraldi honetako gure herria Arties izan da, zalantzarik gabe. Aran ibarreko herrik politenetakoa izango da; eta, gustuak gustu, bertako kaleetan pasiatzeak edo edozein txokotan inguruaz gozatzeak ez du parekorik. >>>>>>> Irakurri gehiago.

ARTIES. Valarties eta Garona ibaiak bat egiten duten puntuan kokatzen da Arties herria.

2. Vielha, Araneko erdigune

Bailarako irudi ezagunak diren horiek harrapatu nahi izanez gero, Vielha da bisitatu beharreko herria; egunez nahi gauez, ederra. Bisitari ugari jasotzen dituen herria da, denda eta komertzioz josia, baina oraindik Pirinioetako herrien xarma gordetzen duena. Tradizioak eta modernitateak era orekatuan bat egin dute bertan. Eguraldiak laguntzen ez badu, berriz, arratsaldea libratzeko moduko planak egin daitezke bertan: izotz pistan, esate baterako. Datu garrantzitsu bat: astearteetan egiten dute pintxo-potea. Bai! Horrelaxe deitzen diote. >>>>>>  Irakurri gehiago. 

VIEHLA. Herriko alde zaharrera ikupsegia, Sarriulera eta Kale Nagusia lotzen dituen zubitik.

3. Vilamós, historian atzera bidaia

Bailarako herririk zaharrena da Vilamos herria eta titulu horri men eginez jaso dute bertan Arango historiaren zatitxo bat. Nekazal familia dirudun baten etxaldea abiapuntu hartuta, iragan urbilera bidaia proposatzen dute Joanchiquet etxean. Udako eguzki erretik gordetzeko aitzakia izango da guretzat; eta aurreko belaunaldien bizimoduarekin egin dugu topo. Arandarrek eta euskaldunek ohitura askotan bat egiten dutela ikusi dugu. >>>>> Irakurri gehiago. 

VILAMOS. Herrira ikuspegi paregabea dao sarrerako begiralekutik.

4. Bagergue, lorez apaindu zuten herria

Baish Aranetik Naut Aranera eginda, ia 1.500 metroko garaieran kokatua dago Bagergue. Zalantzarik gabe loreen herria da, eta ez du alferrik jaso Viles Florides izendapena. Harrizko kaleak, eraikuntza zaharren xarma gordetzen duten etxeak eta bizilagunei esker lilura berezia duten txokoak aurkituko ditugu Bagerguen. >>>>> Irakurri gehiago

BAGERGUE. Naut Aranen kokatua, Aran ibarreko herririk altuena da: ia 1.500 metroko garaieran dago.

5. Salardú, historiaz betetako txokoa

Bagerguetik gertu dago, Salardú herria. Erdi Aroan gotorleku izan zen; gaur egun eliza bat dagoen goiko aldean zegoen gaztelua. Garitik irinera, lehengo eran lan egiten duen errota zaharra bisitatu daiteke bertan. Aigüestortes eta Colomoreseko Parke Nazionalera doan bidetik herriaren ikuspegi paregabea dago; Unha herria ere ikusten da urrunean.

SALARDU. Araneko Erromanikoaren ibilbidean geldialdi garrantzitsua da Salarduko eliza.

6. Bossost

Vielharekin batera, Bossost da Val d’Araneko herri handietako bat. Garona ibaiaren ertzean, muga herri tipikoa da. Edonola ere, gure bidaia liburuan orri gutxi eman dizkiogun lekua da. Bertan dago AranPark animalia parkea.

BOSSOST. Herri erdigunearen irudia. Komertzio eta denda ugari daude.

7 eta 8. Canejan eta Sant Joan de Toran, mendian ezkutatutako harribitxiak

Zerrendan azken lekuan jarri ditugu Canejan eta Sant Joan de Toran. Baina, ez dira izango edertasunean besteak baino gutxiago. Toulouse aldera doan errepidera jarraituz, Aran ibarraren iparraldean daude mendiko herriak deitzen dietenak. Okzitaniarekin muga-mugan, iheserako lekuak izan ziren, baita kontrabandorako ere. Canejan eta San Joan de Toran bisitatu ditugu guk, baina bailara honetan daude Pontaut edo Porcingles ere. Toran harana zeharkatzen duen errepide estu estu batetik iritsiko gara bertara, izen bereko ibaiaren ondotik. Hainbat zatitan asko estutzen da bidea, eta pazientzia zein abilezia behar dira autoak gurutatzeko. >>>>>>> Irakurri gehiago.

Canejan mendi hegalean zintzilik ageri da; kale aldapatsu eta estuak ditu herriak, eta ikuspegi paregabea inguruko mendietara.
Ia erabata abandonatua gelditu ondoren, 70eko hamarkadan hasi ziren berreskuratzen Sant Joan de Toran.

Hasierara

FAMILIAN EGITEKO MODUKO HIRU MENDI IBILALDI

Helburua ibilaldi motzean mendi-basoetan barneratu eta naturaz gozatzea da. Bada, Val d’Aranen lortu dugu!! Egun gutxi lehenago Gavarnieko zirkua bisitatzetik gentozen, beraz exijentzia maila altuarekin gentozen. Berdindu genuen, agian gainditu ere bai. Eta… mendi ibilaldi hauen artean dago Val d’Aranen ezagutu ditugun leku guztien artean gehien gustatu zaiguna.

Hona hemen, beraz, umeekin mendi ibilaldiez gozatzeko hiru proposamen interesgarri:

1. Saut deth Pish eta Varrados lakua

Vielhatik Pont d’Arrosera doan N-230 bidean hartzen da Plan de Artiguetes izeneko zabalunera; guztira 12 kilometro inguruko bidea da, asfaltatutako baso bidean. Kotxeak uzteko aparkalekua dago.

Varrados lakuaren irudia.
Saut deth Pish urjauziaren ikupsegia, begiralekutik.

Motxilak hartu, eguzkitako krema eman, betaurrekoak, txapelak… eta dena prest dugula abiatu gara aparkalekutik. Urjauzi eder bat dugu zain, Saut deth Pish deitzen dutena eta oso ezaguna Val d’Aranen: 30 metroko garaiera du. Hara non gure ezustekoa, lau pauso ematerako, bi mintuan aurrez aurre egin dugu topo ikuskizunarekin. Urjauziaren goiko alderaino igo, Seisso oihanean barneratu eta Varrados erreka ertzetik egin dugu itzulia. Guztira, hiru kilometro baino gutxiago, eta ingurunea paregabea. Xehetasun guztiak jaso ditugu, argazki eta kokapen-maparekin Wikiloc-en.

2. Pla de Beret

Elurretan eta eskiak soinean ez, eguzkipean eta 30 gradutik gorako giroarekin iritsi gara Beretera. Baqueira herria eta Beret harana elkartuta eman diote izena eski pista ezagunari. Udan, mendi ibilietako paregabeko lekua da. Konparatzekotan, Urbiaren pareko lekua dela esan daiteke. Hori bai, hemen ez dago hango lasaitasunik. Orokorrean Aran ibarrean begietara eman diguna da, eta hemen Bereten bereziki, autoz azken muturreraino iristeko dagoen aukera. Kilometro luzetan daude pistak, asfaltatuak eta asfaltatu gabeak, eta edozein mendi txokotara sar daiteke kotxez.

Pla de Beret. Zaldi eta behi azienda asko egoten da udan Bereteko larreetan.

Baqueira herritik zortzi kilometrora dago Beret harana; 1.800 metroko altueran. Bertatik ia 3.000 metroko tontorrak ikusten dira, Aneto tartean. Eski estazioko parkingean utzi dugu autoa eta bertatik Montgarri aldera doan ibilbidetik abiatu gara. Guztira, 12 kilometroko ibilbide zirkularra da Beret eta Montgarri lotzen dituena; guk erdia egin dugu. Parkingaren eskuin aldetik abiatu dugu ibilbidea, baina berehala sartu gara zelaian, pistaren parean joateko. Kotxeen joan-etorria handia da, eta astuna egiten da oinez hauts artean joatea. Wikiloc-en jaso ditugu ibilbidearen xehetasunak.

3. Artiga de Lin eta Uelhs deth Joeu urjauzia

Ahobatez erabaki dugu: hau da Aran ibarrean gehien gustatu zaigun lekua. Ingurune natural izugarria da Artiga de Lin, paisaje zoragarriak gordetzen dituena. Horrek dakar beste aldea, gu bezalaxe, jende asko gerturatzen dela bertara.

ARTIGA DE LIN. Ujauzitik doan bideari jarraituz, paisaje honekin egin dugu topo.

Es Bordes edo Gausac herrietatik abiatu daiteke Artiga de Lin ingurura. Mar de Diu ermitaren inguruan dagoen aparkalekuan utzi beharko dugu kotxea. Bertan, informazio puntua dago. Uelhs deth Joeu urjauzira eta Artiga de Lineko aterpetxera gerturatzeko garraio zerbitzua abiatzen da bertatik, kotxez ezin da pasa uztailetik irailera. Txutxu-tren motako autobus-trena da eta nahieran konbinatu daiteke: oinez joan eta trenez itzuli, geldialdiak eginez trenez ibili… Pertsonako 2€ ordaindu behar da bidaia; 11 urtetik beherakoek 1€. Ibilbidearen xehetasunak jaso ditugu Wikiloc-en. 

Berezia da Joeuko sistema karstikoa. Anetoko glaziarraren oinetan desagertzen den ura, Forau d’Aigualluts inguruan, ondoren Uelhs Deth Joeun agertzen da, 4 kilometro lurrazpian eginda.

Hasierara

PLAN GEHIAGO OPORRALDIARI ZUKUA ATERATZEKO

Pastelari jarritako azken ginda pare bat ere proposatu nahi dizkizuegu. Abentura parkeak ikusi orduko, bete beharreko planak bihurtu dira guretzat. Val d’Aranen, beste ia leku askotan bezala, badira tirolita eta zuhaitzetik zuhaitzerako pasarelaz osatutako parkeak. Horregatik, hona hemen ezagutu ditugun bi proposamen: Pyrénées Hô eta NaturAran.

Pyrénées Hô Cierp-Gaud-en kokatua dago (Okzitania), Bosostetik orduerdi ingurura. Ia urte osoan zabalik dagoen abentura parkea da. Haritz eta zuhaitz artean, 14 ibilbide dituzte.

Bigarren aukera, Val d’Aranen bertan NaturAran parkea da. Hemen ere, zirkuitu ezerberdinez gain 250 metroko tirolina erraldoia dute. Bederatzi urtez azpikoentzat, abentura parke berezia dago. Kanpin batean kokatua dagoen parkea da, ondoko zuhaiztian daude prestatuta ibilbide gehienak; azken tirolina erraldoia izan ezik, hau karabana eta kanpin-denda gainetatik pasatzen da. Les herrian dago NaturAran, Vielhatik 17 kilometrora. Umeentzako, bestalde, Indioen tipiak daude tabernaren atzealdean.

NaturAran parkeko irudia; Deportur Kirol abenturak agentziaren parkea da, beste hainbat kirol ekintza ere egiten dituzte.
Tipi indioak dauden gunearen irudia.

Neguko plana badirudi ere, udako berotik ihes egiteko moduko plana da izotz pistarena. Azkenik, guk bisitatu gabe utzi genuen arren, Bossost herrian dago AranPark animalia parkea.
Hasierara

MAPAK ETA GIDAK

  • Aran ibarreko hainbat mapa eta gida jaitsi daitezke web atari honetatik: Visit ValdAran

Hamaika aukera jaso ditugu hemen, baina askoz gehiago eskaintzen ditu Val d’Aranek. Eguraldiak, gustuak… denak aldatuko du bakoitzaren agenda. Gu itzuliko gara, ziur!

INTERESATUKO ZAIZU…

Hasierara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude