Erriberri edo Olite, Errege Jauregiaren itzalean

Inguruan dituen mahasti eremu zabalek erakusten duten eran, ardoaren hiriburua da Erriberri (Olite, gazteleraz). Bertan dago Ardoaren Museoa, XVII. mendeko jauregi baten kokatua. Hala ere, inguruko upategi eta kooperatibek beren ateak irekitzen dituzte edozein urte sasoitan bisita gidatu edo dastaketak egiteko.

Mahastiak Erriberri kanpoaldean. Irailean mahats sortaz bete beteak daude.

Erdi Aroko kale antolaketa mantentzen du herriak; eta armarriz apaindutako jauregi ederrak ditu nonnahi. Baina, zalantzarik gabe, Erriberrin arreta bereganatzen duena Errege Jauregia da. Nafarroako gortearen egoitza izan zen Erriberri Carlos III.aren garaian.

Errege Jauregiaren ikuspegia herri kanpoaldetik. Ibilbide politak daude mahasti eta arbendolondo artean.
Turismo Paradorea Erriberrin, alderdirik zaharrena da.

Jauregiaren alderdi zaharrena Turismo Paradore bihurtu zuten duela hainbat urte. Gaur egun bistatu daitekeenari Jauregi Berria deitzen zaio. Carlos III.ak eta Trastamarko Leonorrek agindu zuten hura eraikitzea. Garaiko jauregirik ederrenen haunditasunarekin eraiki zuten, frantziar gotiko estiloan, gastutan erreparatu gabe eta apeta guztiekin. Urre koloreko aretoak zituen, hainbat galeria, lorategi exotikoak eta dorre bereziak. Baina zoologiko pribatua ere bazuen; horren lekuko dira txoritegia eta lehoitegia. Ezaguna da bestalde jauregiko hainbat eremutaraino iristen zen ureztate sistema konplexua.

Zer dira harrietan ageri diren markak? Hargin bakoitzak jarritako zigilua da, bakoitzak zenbat harri landu zituen zenbatu eta lana kobratu ahal izateko.
Gaur egun ikus daitezke oraindik ureztate sistema konplexuak utzitako markak. Berunezko hodiak eraman zituzten alde guztietara.

Nafarroako konkistaren ondoren iritsi zen Erriberriko gazteluaren gainbeheraren hasiera; politikoki garrantzia galdu zuelako. Baina, XIX. mendean Napoleonen inbasioaren aurrean, hark erabili ez zezan erre eta ia guztiz suntsitu zuten jauregia. Handik aurrera erabat utzita egon zen jauregia: harlanduak eraikin pribatuetarako eramaten zituzten eta bertako ondasun guztiak arpilatu zituzten.

Nafarroako Gobernuak 1913an eskuratu zuen Erriberriko gaztelua eta arkitektoen lehiaketa bat egin ondoren, eraberritzeari ekin zioten 1937an. Eraberritzea eskuetatik joan zitzaien, neurri batean behintzat, berezko itsura berreskuratzeaz gain, irudimena bota ziotelako. Gaur egun nabaria da dorreei eman zioten altuera, ondo begiratuz gero harrian aldaketa erraz ikusten da. Jauregi Berriko areto batean jarria dute erakusketa, hainbat maketa dituena, nola jaso zuten eta nola eraldatu zuten ikusten dena.

Egoera tamalgarrian iritsi zen gaztelua XX. mendera.
Eraberritzearen ondoren, dorreetan ikusten dira egindako aldaketak.

Jauregia bisitatzeko hainbat aukera daude. Gune bakoitzaren informazioa jasotzen duen eskuorriarekin nahieran ikus daiteke; edo bisita gidatuak ere egiten dituzte.  Ordutegian aldaketaren bat izaten bada ere, urte osoan zehar astelehenetik igandera irekitzen da gaztelua. Helduen sarrera 3,5€koa da.

 

Xaguxarren aretoa, erreginaren aretoa, erreginaren galeria eta hiru koroen dorrea.
Oliteko plaza nagusia.
Dorreetatik ikuspegia zabala da.
Arraultze formako elur-zuloa, kanpoaldean ikus daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude