Aizpeako meategiak, burdinaren lurretako paisaje berezia

Zerainen, Mutiloan, Legazpin eta inguruetan garrantzia berezia izan du burdinaren ustiaketak mendez mende. Inguruko paisajea eraldatzeraino, jarduera hau estu lotuta egon da herri hauen ibilbidearekin. Aizpean ustiaketa honen lehen erreferentziak XII. mendekoak dira eta 1951. urtean itxi ziren azken labeak. Zeraindik Legazpira doan bidea hartuta, hiru kilometrora dago Aizpea auzoa.

Aizpeako meategietako labe ikusgarriak. Langileen etxeak izango zirenak daude alde batean.

Burdinaren Mendia izenez ezagutzen den eremuan burdinaren ustiaketa nola egiten zen ezagut daiteke; Aizpeako meategietan 150 hektareatan zabaldu zen jarduera. Gaur egun arreta osoa bereganatzen dute hiru kiskalketa labe handiek. XX. mende hasieran eraikitakoak dira, burdin eskari handiari aurre egin ahal izateko. Labeez gain, instalazio horietan beste hainbat bitxikeria ikus daitezke: ikatz biltegiak, kargalekua zein galeriak.

Metro gutxi beherago dagoen aparkalekuraino joan daiteke autoz, eta instalazio zaharretan bisita librea da. Bertatik, gainera, hainbat ibilbide abiatzen dira Burdinaren Mendia barrutik ezagutzeko.

Labe erraldoien ondoan dago Aizpittako adieraztegia, meatzegintzaren historia eta Euskal Herrian izan zuen eragina gertutik ezagutzeko. Ingeniarien etxea izan zen eraikinean prestatu dute museo eran adieraztegi hau. Burdinaren Mendian 200 galeriatik gora daudela diote, minerala bilatzeko egindakoak. Tarteka bisitak egiten dituzte galeria horietako batzuetara. Zeraingo Udalaren web atari honetan jaso dute Aizpeako meategien gaineko informazio osoa.

Gaur egun Geoaizkorri egitasmoa osatu dute Oñati, Leitz Gatzaga eta Zerainek; Aizkorri mendilerroaren ondare geologiko, kultural eta gastronomikoa ezagutzera emateko asmoz.

Labeen goiko aldea. Minerala sartzeko konportak ikusten dira.
Mendietatik ateratako mineral gordinaren biltegia, labeen atzealdean.
Labeetako bat, goitik behera ikusita.
Behin landutako mineralen garraiorako sistema. Bagoiak beteta, kableetan zintzilik eramatez zituzten ondoren trenez garraiatzeko.
Labeen beheko aldea. Aho horien beheko aldetik egingo zuten sua inguruko basoetako egurra erabiliz.
Behin kiskalitako minerala atera eta hura gordetzeko biltegiak daude labeen oinetan. Atzean, Aizpea auzoko baserriak.
Labeen beheko aldea.
Kiskalitako minerala gordetzeko biletegiaren beheko aldea. Garraiorako kableen mekanismoak daude bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude