Larraga, pasarterik lazgarrienaren lekuko

Nafarroa Erdialdeko herria da Larraga, Erriberriko merindadean kokatua eta 2.000 biztanle inguru dituena. Mendigorria eta Berbinzana ditu inguruan; Tafallatik 15 minutu besterik ez daude bertara. Tamalez, ezaguna da herria 36ko gerraren ingurumarian bertan izan ziren gertakariengatik.

Larragako erdigunea, frontoia eta udaletxearen eraikina.

Larragarekin estu lotuta dago beste izen bat, Maravillasena. Iaz bete ziren 80 urte Larragan izandako gertakari ilun hartatik. 1936 urteko sarraskietan, pasarterik beldurgarri eta lazgarrienetakoa izan daitekeen hartatik. Abuztuaren 15ean izan zen, Maravillas gaztea eta bere aita Vicente Lamberto militante sozialista protagonista izan zituen amesgaiztoa. Falangistak etxera sartu ziren aitaren bila, eta 14 urteko alabak haren ondotik ez bereiztea erabaki zuen, nora zeramaten jakingo zuen arren. Bukaera lazgarria izan zen. Herriko udaletxera eraman zituzten, eta goizaldean hil egin zituzten. Maravillas behin eta berriz bortxatu zuten aurretik.  Bere gorpua handik egun batzuetara aurkitu zuten; biluzik, txakurretara botata.

Irakurtzearekin ere min ematen duten gertakariak, ordea, ez dituzte ahazturan erortzen utzi nahi. Baina, ez da beti horrela izan. Hura ezkutatu eta ahaztuta gelditu zedin egin dute hainbat hamarkadaz. Larragan frankistek 47 pertsona hil zituzten. Gaur egun herritarren ekimenezs Oroimenaren Parkea dago herri sarreran —2012an ireki zuten—, leku xume honetan bizirik mantendu nahi dute haien oroimena, eta Maravillas Lambertoren izena darama herriko kale batek.

Larraga sarreran dago Oroimenaren Parkea deiturikoa, 2012az geroztik. Bertan herrian falangistek hildako 47 bizilagunak oroitu dituzte.

Fermin Balentziak jaso zuen gertakaria abesti ezagun honetan. “Payola” diskoan gehitu zuen Berri Txarrak taldea ere Larragako gertakariak oroitzen dituen Maravillas abestia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude