Oloroe Donamaria: txokolate usaina darion herria

Biarno eskualdearen bihotzean kokatua, mahastiz inguratutako herria da Oloroe-Donamaria. Erdi Arotik gorde diren harresiez gain, ondare historiko garrantzitsua gordetzen da bertan. Ibai gainean zintzilik agertzen diren etxeek eta lorez apaindutako zubiek janzten dute; han urrunean Pirinioetako gailurrak ere ageri dira.  Eta bai, txokolate usaina dario…

Oloroe-Donamaria euskaraz; frantsesez eta ofizialki Oloron-Saint Marie izena du herriak. Jatorri gaskoia du izenak: Auloron. Aldi berean, Auluron Iluro izen iberiarretik zetorren. Iluro ezaguna da Toti Martinez de Lezearen “Enda Lur” ezagutzen dutenentzat.

Aspe eta Ossau ibaiek bat egiten dute Oloroen. Pauetik 40 minutura kokatzen da eta 10.000 biztanle inguru bizi dira bertan. Juraçon ardo ezaguna egiten dute bertako mahastietako mahatsez; laguntzaile ona izango da bertako ardi gaztarentzat edo garbure eltzekoarentzat.

Pirinioen iparraldean horren ohiko diren herri ederretako bat da Oloroe. Hiru auzo historiko ditu: Saint Croix, Notre-Dame eta Saint Marie. Turismo Bulegotik abiatu dugu gure ibilbidea; Aspe ibaia gainditzen duen Bazan pasabidea pasa eta Saint Croix auzora igotzeko. Oinezkoen zubia da, txoko oso polita. Caisse D’Espagneren eraikin ondotik doan eskailerak igo eta Ballevue pasealekutik iritsiko gara Sainte Croix erdiguneraino. Pasealeku honek herriaren gaineko ikuspegi ederra gordetzen du.

Erdi Aroko auzunea da Sainte Croix

Izen bereko eliza da erdigunea; XI. mendekoa da lehen eraikuntza. Egurrezko egitura zaharrak dituzten etxeak, jauregiak eta kaleak dira Erdi Aroko ondare aberatsaren lekuko. Auzo honetan dago, Dalmais kalean Ondarearen Etxea deiturikoa —La Maison du Patrimoine—. Biarnoarren historia eta tradizioa ezagutzeko aukera ona da, bertako erakusketetan jaso dituzten objektuen. XVIII. mendeko burgen eraikina da.

Sainte-Croix auzoaren ikuspegia, Oloroe Donamarian.
Ondarearen Etxea edo La Maison du Patrimoine, Olore Donamariako Saint Croix auzoan.

Dalmais kalean bertan dago, Gréde dorrea (Tour de Gréde). XIII. mendean amaieran hasi ziren eraikitzen eta XIV. mendean bukatu zuten. Agreda familiaren dorrea zen, eta maila sozial eta aberastasunen erakusle gisa eraiki zuten. Hainbat erakusketa jasotzen ditu. Hala ere, bisitarientzat interesgarriena da goiko aldetik duen ikuspegia. Oloroe Donamaria hirira ikuspegi panoramikoa du, 360ºkoa. Eta… hemen jakin dugu azkenean nondik datorren txokolate usaina. Herriko txoko bat baino gehiagotan hatutako usain gozoa… Lind eta Sprüngli txokolate fabrikatik dator.

Notre Dame auzoa, hiriaren erdigune komertziala

Notre Dame auzoa da herriko alderik berriena; komertzio eta denda gehien dituena. Bertan dago udaletxea, Clémenceau plazan. Alde batean eskaladarako horma ere badago.

Notre Dame auzoaren ikuspegia, izen bereko eliza erdian duela; kanpandorreak 52 metroko altuera du.
Sainte Croix auzotik, Notre Dame auzora doan kalea, Rue Dalmais.
Notre Dame, eta Lorategi Publikoa lotzen dituen Ste-Clarie zubiaren ikuspegia.

Notre Dame auzoan, mediatekaren atzealdera iritsiz gero, ikuspegi polita dago bertan argazki ederrak egiteko. Aspe eta Ossau ibaiek bat egiten dute bertan. Ste-Claire zubia igaroz, bestalde, Lorategi publikora iritsiko gara. Lorategi zabala da, Alfred de Vigny etorbidean kokatua dago. Wifi eremua dago, umeentzako jolasparkea eta zelai berdeak ere bai.

Sainte Marie, txokolatearen auzoa

Txokolatea gustuko baduzue, eta behin Oloroera iritsita hemendik pasatzea derrigorrezkoa da. Lind eta Sprüngli txokolate fabrika dago bertan, eta bisitak egin daitezke, txokolatea dastatzearekin batera. Ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena eta daztamena; bost zentzumena pizteko moduko esperientzia izango da.

Era askotako txokolateen daztaketak egin daitezke fabrikan.
Sainte Croix auzoko Gréde dorretik egindako argazkia, Sainte Marie auzora. Bertan ikusten da izen bereko katedrala.

Eraikinetan ondare zabaldu du Oloroek, eta horren erakusgarri da Sainte-Marie auzoko katedrala. Donejakue bidean, munduko ondare izendatu zen UNESCOk.

Oinetako erosoak jarri eta nahieran ezagutzeko herria da Oloroe Donamaria. Biarnoko herrien kutsua eta xarma gordetzen du kaleetan, historia luzearen lekuko. Euskal Herritik gertu, ezagutzea merezi duen helmuga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude