Artaxoako harresia, Erdi Aroko altxorra

Nafarroa Erdialdean, Erdi Aroko ondarearen erakusgarri da Artaxoa, zalantzarik gabe. Iruñeatik hegoaldera, 30 kilometrotara dagoen herri txikia da. Muino baten gorenean eraikitako Erdi Aroko herrixka gotortuagatik da ezaguna Artaxoa. Monumentu arkeologiko garrantzitsuak daude inguruetan, trikuharriak, esate baterako; baita erromatar garaiko miliarioa ere gaur egungo udaletxean. Baina, nabarmentzekoa dena da Artaxoako harresi ezaguna.

Aire librean, norbere erritmora, familian eta umeekin bisitatzeko moduko lekua da. Informazio gunea dago, beren borondatez herriko ondarea mantendu eta erakusteko lana egiten duten bizilagunek kudeatzen duena. Beraz, bertan nahi adina azalpen jaso eta ingurua ikusteko ez da askoz gehiago behar.

Leku esanguratsua da, zalantzarik gabe. Urrunetik ikustean, bere perfil bereziak etorriko dena iradokitzen du. Guk irailean bisitatu dugun arren, lekua lasai-lasai zegoen, inolako jendetzarik gabe.

XI. mendean eraikitako jatorrizko harresiak almenadun 14 dorre zituen hasiera batean; gaur egun, haietatik bederatzi daude zutik. 700 metroko perimetroa du harresiak. Oraindik mantentzen diren San Migel edo Remahua ateetatik sar daiteke herrixakara; eta Erdi Aroraino bidaia egin.

Erregeak, zaldunak, juglareak, elizgizonak zein herritar xume eta nekazariak, denek topo egingo zuten ingurune honetan eguneroko zalapartan. Erraza da Artaxoan orduko bizimodua irudikatzea. Hain justu ere garai hartara murgiltzeko moduko hitzordua da urtero uztailaren hasierak hartzen duena: Erdi Aroko astea.

Ura biltzeko ingeniari lan aurrerakoia

Harresiak jasotako herrixkan dago San Saturnino eliza gotortua. XIII. mendeko eraikina da eta harresiarekin bat egiten du atzeko aldetik. Kanpantorreak bere ohiko zereginak betetzeaz gain, zaintzarako dorre gisa ere erabili zuten XV. mendean. Berezitasun bat badu ordae Artaxoako San Saturnino elizak, eta teilaturaino igo behar da hura deskubritzeko. Izan ere, muino honetan berezko ur emaririk ez dagoenez, euri ura biltzeko sistema osoa du eraikinak. Ura biltzeko prestatu zuten teilatua, harlanduzko enbutu gisa, eta elizaren alde batean dago uharka. Herrigunea setiatua izan arren, ura izango zuten bertako biztanleek.

Gaur egun bisita gidatuak egiten dituzte, XI. mende ingeniari obra handia ikusi ahal izateko.

 

San Sarturnino eliza gotortua; XIII. mendean eraiki zuten.
Elizako teilatuaren irudia, benetan ikusgarria. Bisita gidatuak egiten dituzte gaur egun. (Argazkia: Artaxoako Udala).
Horma nagusiko errosetoi handia.
Artaxoako Erdi Aroko herrixkaren ikuspegia, barrualdetik.
Zutik dauden bederatzi dorreetako bat; barrualdetik ikusita.
Gazteluaren dorre nagusia zenaren oinarria mantentzen da gaur egun. Harresiaren barrualdean zegoen gaztelu-dorrea, eta bere harresia izango zuen.
Gaur egungo Artaxoara ikuspegia, Remagua ataritik.
Erdi Aroko herrixkako kaleetako bat.
Dorreen ikuspegi ederra dago ingurubidetik.
Harresiaren zati bat. Perimetro guztia 700 metrokoa da.

HEMENDIK GERTU…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude