Nondik dator ‘Zegama’ herri izena?

Euskaraz ez da ulertzen Zegama izenak zer adierazten duen; baina ez da horregatik esanahirik gabea. Izen euskalduna da, euskaldunok ia 2000 urte baino gehiagoz erabiltzen ari garelako, baina ez euskaraz sortua. Erromatarrak iritsi baino lehenagoko hizkuntza indoeuroparrean sortua izan zen. Beraz, 2000 urtetik gora ditu herri izenak.

Zegama, herri sarreko seinalea.

Baina zer esan nahi du Zegama toponimoak? Ba ez dio lekuari, inguruari edo naturari erreferentziarik egiten, bertakoen izaerari baizik, edo hori dirudi. Zegama da “garailea, irabazlea” edo “inoiz garaitua izan ez den herria”.

Eta misterioa argituta, —ez esan zegamarrak izanda gure herriaren izena ez dela misterio bat?—, hau guztia nondik datorren azaltzen ahaleginduko gara. Luis Mari Zaldua filologoak egin zuen Zegamaren etimologia Anduentzan egindako hitzaldian. Azalpena berari zuzenean entzutea aukera hobea den arren, hemen laburpen bat:

NON DU JATORRIA?

Zegamatik Murginduetara (Arakil, Nafarroa) hainbat txerri eta behi nola eraman zituzten jasotzen duen idatzi batean agertzen da lehenbizikoz Zegama herri izena idatzita. Lehenagokorik ezagutzen ez den heinean, 1261 urteko idatzi hori da aurkitu den zaharrena. Hala ere, izenak 2000 urtetik gora izango ditu. Ziurrenik Gipuzkoan eta inguruetan izango den leku izenik zaharrenatakoa da Zegama.

Eta nola dakigu hori? Euskaraz sortutako izenak nola osatzen diren uler dezakegu. Adibidez: Leizarratek leize + arrate etimologia du; Zaldibia = zaldi + ibi (zaldi bide). Zegama ez da euskaraz ulertzen, hortaz inguruan dagoenarekin alderatzea da hurrengo pausoa. Inguruan badaude -ama atzizkia daramaten izenak: Arama, Beizama, Txarama, Ultzama edo Lezama. Euskal Herrian guztira morfema bera duten 30 daudela dio Zalduak eta beste batzuk gehiago zalantzan. Euskal Herritik kanpora ere badaude, ordea, -ama morfema duten toponimoak: Ledesma, Segisama edo Burgo de Osma, eta dozenaka gehiago. Hizkuntza zeltiberiarrean ohiko den hitza da -ama, beraz erromatarren garaia baino lehenagokoa da, latina baino lehenagokoa.

NOLA DAKIGU ZEIN DEN ESANAHIA?

Hitzaren historia aztertzeko, lehenbizi -ama atzizkiari begiratu dio Zalduak; ondoren zeg- aurrizkiari. Ama superlatiboa litzateke, esanahia egundoko edo aparteko mailaraino areagotzen duena. Gaztelerazko -ísimo ren parekoa. Bigarren esanahi bat ere izan dezake, jabetza adierazten duena. Zeg erroa, berriz, sego zeltiberiarretik dator. Sego = garaipena.

Parekoak dira, garai berean sortuak, Segovia edo Segisama (azken honek antz oso handia du).

Seg-etik Zeg-era egindako aldaera, bertakotzearen ondorio da, hizkuntza indoeuroparreko hitzak euskara zerabiltenek moldatzearen ondorio. Zelta hizkuntzan jatorria s letraz bazen, euskara zerabiltenek bere egindako hitzak z-ra moldatzen zituzten.

Gauza bera gertatzen da Zerain izenarekin. Jatorri erromatarra duen izena da; Selius-etik etor liteke Zalduaren arabera. (Selius pertsona izena litzateke, eta jabetza adieraziko luke leku izenak). Selius, Celius, Zerio formari, -ain atzizkia gehitu zitzaion Urdiain edo Zuriainen antzera. Hemen ere z-tik s-ra aldaera ikusten da. Mende ugari geroago sortu zen Segura herri izena, ia Erdi Aroan. Gazteleratik etorritako hitza ia ez zen z-ra moldatu. Hori garai batean egiten zen moldaera delako, horrek kokatzen du Zegama izenaren sorrera erromatarren etorrera baino lehenagoko garaietan.

ZEGAMA IZENAREN GARRANTZIA: MILAKA URTEZ GORDETAKO ALTXORRA

Toponimia aztertuz, beraz, idatzirik gabeko historian sakondu liteke. Goierrin euskara erabiltzen zutenak eta hizkuntza indoeuroparra erabiltzen zutenak egotea ondorioztatu daiteke, esate baterako. Fontes Linguae Vasconum aldizkarian jasotzen dira ikerketa horren inguruko datu asko.

Zegamako izen zaharrak dira Arakama edo Dirinti ere. Arakama duela 200o urte eskas sortutakoa izango da; Dirinti geroagokoa (duela 1500 urtekoa) eta latinez sortutakoa.

Zaldua ziur da izena bezain zaharra zen herri bat bazegola Aizkorripeko txoko honetan: “Zaila izango da zehatz non zen jakitea, ez bada kasualitatez aztarnaren batekin topo egiten, oso zaila da. Baina hemen herri zahar bat izango zela ziur nago”.

ETA NOIZTIK HITZ EGITEN DA ZEGAMAN ETA EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ?

Herri izenaren azterketa egitearekin batera, euskararen jatorriaz aritu zen Luis Mari Zaldua. EITBk ekoiztu eta iazko Donostian aurkeztutako “Baskoniako Historia Bat” dokumental sortan euskararen jatorriaz egindako adierazpenak erabat gezurtatu zituen. Alberto Santanak jaso eta ETBk aireratu dituen teoria berriek diote euskara gehienez V edo VI. mendetik aurrera hitz egiten dela Euskal Herrian, Akitaniako lurralde batetik etorrita. Euskalduntze berantiarraz hitz egiten du Alberto Santanak. Ia 1925ean izan zen gisako adierazpena egin zuenik, Manuel Gomez Moreno arkeologoa, hain justu. Aditu gehienek hipotesi hori albo batera utzi zuten, asmo politikoa zuelakoan atzean; baina orain urtebete eskas berriz berpiztu dute teoria. Eta berriro ere, dozenaka aditu atera dira teoria hori goitik behera gezurtatuz. Irakurri berrian jasotako iritzi-gutuna: “Euskalduntze berantiarra” dokumentala salatzen

Datu ugari ezkutatu dira dokumentaletan, euskararen presentzia Euskal Herrian erakusten duten proBak, adibidez. Nafarroako Museoan gordea dagoen Lergako hilarri batean agertzen da “VMME SAHAR” edo Soriako hilarri batean “SESENCO”. Duela 2000 urteko idatziak dira, Erromatar garaikoak.

 

INTERESATUKO ZAIZU…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude