Infernuko Errota, oihanean bazter magikoa

Etxalar eta Baztan artean aurkitzen da Infernuko Errota, izen bereko errekaren ertzean kokatua. XIX. mendearen hasieran eraiki zuten eta hamarkada luzez herritarrek erabili zuten irina egiteko. Kokalekuari esker, inongo agintariri kargurik eman gabe erabili ahal izango zuten bizilagunek. Inguruetan gisa honetako ugari zeuden, gehienbat artoa ehotzeko. 36ko gerran gehienak suntsitu zituzten, baina honek isilpean lanean iraun zuen.

Basoko zuhaitz artean ondo ezkutatuta, erreka gainean zintzilik ageri da eraikina, zubi lanak ere egiten dituena. Barruan ur-errotaren mekanismoa ikusi daiteke, gaur egun ia guztiz berritua dagoena. Urjauziak bustita, han da amuarrain-haztegia ere.  Infernuko Errekaren ondotik doan ibilbide motz batean iritsi daiteke bertara. Basoan barneratu eta ibilbide atsegin bat egiteko aitzakia polita da. Pago zaharren itzaletan, leku berezia.

Lekarozeko Orabidea eta Tximista auzoan arteako errepidetik iristen da Etxebertzeko Bordara, ibilbidearen abiapuntua izango dena. Jatetxea dago bertan, aparkalekua eta frontoia ere badu kanpoaldean. Hain justu ere, jatetxekoek eraberritu zuten errota 2000. urtean.  Autoz egiteko bidea laburragoa da Otsondoko portutik, Oronozetik baino. Edonola ere, bide ugari daude bertara iristeko.

Behin Etxebertzeko bordatik abiatuta ez dago galtzerik, ondo markatuta dago bidea. Joan-etorrian, guztira, 2,5 kilometroko ibilbidea da; eta desnibel gutxi du. Beraz, umeekin erraz egiteko modukoa da.

Etxebertzeko Bordaren kanpoaldea, frontoia ere badu.
Errotaren ikuspegia kanpoaldetik.
Ur-errotaren egurrezko mekanismoa ikusteko moduan dagl eraikinaren barnealdean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude