Caparra hiri erromatarreko sekretuak

Ez dakit umeak eta museoak elkartzeak emaitza oso onik ematen duen. Batzuetan ongi irten daiteke, bai; baina, plana goitik behera aldrebesteko arrisku handia du. Erakutsi behar ote diegu horrelako lekuetan ibiltzen? Agian, errazagoa izango da lekuak txikienen erritmora moldatzea? Ez dakit erantzun zuzena zein izango den, baina alternatiba bat bada: aire libreko museoena.

Ibilian geldialdia egin, eta historian atzera egiteko aukerak baditugu. Naturan, aire librean eta, garrantzitsuena, isilik ibili beharrik gabe. Caceresen egindako bidaian egin genuen topo Caparrako Hiri Erromatarrarekin.  Aztarnategia Oliva de Plasencia herriaren kanpoaldean dago kokatua, Guijo de Granadillara bidean.

Erromatar garaia baino lehenagotik jarritako izena dela diote Caparrakoa. Gaur egun, aztarnategi zabala dago.

Zilar Bidean ardatz garrantzitsu izan zen eremua, gaur egun aztarnategi aberatsa dena. Lau aldeko arkua da hiri honen sinbolo, baina beste hamaika sekretu ere gordetzen ditu.

Caceres probintzian dago, Extremaduran. Tenperatura altuko eremua da udan, lehorra; eta hotza, neguan. Beraz, gomendio gisa, udaberria aukeratu. Gertu ditu Ambroz nahiz Vera aranak, eta baita Jertekoa ere, gereziondoei esker horren ezaguna dena.

 

Barneratu zaitez Antzinaroko hirian

Hiri honen jatorria zein garaitakoa den argi ez badute ere, Antzinaroa izan zen bere aldirik gorena. Erromatarren eraginpean Merida eta Astorga arteko Zilar Bidean bidegurutze garrantzitsua izango zen, iparraldearen eta hegoaldearen arteko ardatz. Merkatarien ezinbesteko pasabide, komunikaizo bide garrantzitsuenen artean zuen kokapen paregabeak ekarri zuen hiriaren aberastasuna.

Sarrerako Interpretazio Zentroan irudika dezakegu garai hartan hiriak izango zuen itsura.

Erromak iberiar penintsula bereganatu ondoren (Augustoren garaian), hiru eremu nagusitan banatuta gelditu zen eremua. Caparra Lusitaniaren baitan kokatu zen.

Caparra lautada zabalean kokatu zen, Ambroz ibaiaren ertzean. Erromatarren gaur egun oraindik zutik dagoen zubia eraiki zuten ibaia pasatzeko.

Harresiz guztiz ingurutatuko hiria zen Caparra eta hiru sarbide zituen. Horietako bik hiriaren bizkarrezur lana egiten zuten bi kale nagusitara ematen zuten sarrera.

Lau metroko zabalera zuen ate nagusiak, bi dorrek babestuta. Irudian, dorrearen oinarria ikus daiteke.

Zilar Bidea igarotzen zen hiriaren erditik. “Balata” hitz arabiarretik dator izena, “kaltzada”ren esanahi bera zuen. Antzinatik erabilitako bidea zen, abeltzainen bidea, hegoalderago artaldeentzako eremu epelagoak bilatzeko erabiltzen zutena; edo metal preziatuak jasotzen ziren iparraldeko eremuetara eramaten zuena.

Interpretazio Zentroaren ondoan hasi eta ibilbidea seinaleztatuari jarraituz ezagutu daiteke hiri erromatarra. Ibilbidean zehar Caparrako arku ezaguna ezagutuko dugu, hiriaren sinbolo ezaguna; eta handik foroa, terma zaharrak dituena. Ur beroa eramaten sistema nahiz denda eta taberna eremua bereizten dira bertan.

Foroaren eta Arkuaren ondoan kokatua, garaiko sistemak jasotzen zituen termen eremuak. Aldalekua, gela hotza eta beroa, sauna…
Insulae. Etxe blokeen kalea zen. Aterpeak izaten zituzten eta behetan taberna, artisau tailerrak eta dendak.
Foroa zen hiriko eremu nagusia, herriko plaza. Eraikin publikoak zeuden plazaren inguruan, hiru tenpluak barne.

WEB ATARI INTERESGARRIAK

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude