Hervas, ondarea Caceres iparraldean

Ezezaguna izaten jarraitzen du Extremadurak abentura koadernoetan. Baina familian bidaiatzeko helmuga turistiko ezinhobea da. “Beroa” edo “lehorra” izan daitezke burura datozkigun hitzetako bi; baina, Caceres iparraldean udaberri urtsu eta berdea aurki dezakegu. Ambroz aranak sorginduta uzteko moduko txoko eta bazterrak ezkutatzen ditu.

Ambroz eskualdeko herri nagusia da Hervas; Bejarreko mendilerroaren magalean. Hain justu ere, XIX. mendera arte Bejarri (Salamanca) zegokion herria zen. Herri turistikoa izan arren leku lasaia da, paisaje eta ingurune natural ederrez inguratua eta gastronomiaz gozatzeko aukera ugari ematen dituena.

Udaberri sasoian paisajea bereziki erakargarri bihurtzen da gereziondoei esker, hauek loretzen direan. Sona ondoko Jerte aranak duen arren, Ambrozen ere goza liteke naturak urtean hamabost bat egunez eskaintzen duen espektakuluaz.

Gereziondoengatik ezaguna Jerte arana bada ere, Ambrozen ere berta-bertakoak dira.

Fuente Chiquita zubitik abiatuta pasealeku ederra dago Ambroz erreka ertzetik; Hervaseko eremurik politenetakoa da. Herriaz eta haren inguruetako paisaiaz gozatzeko, lehengo trenaren errailetatik ere egin daiteke Hervas inguruatzen duen ibilaldia.

Gotorleku egin zuteneko harresiak eta dorrea mantentzen ditu Santa Maria de Aguas Vivas elizak. Ikuspegi paregabea eskaintzen duen begiralekua da, beraz merezi du hango eskailera ilara igotzea.

Herriaren ikuspegia, elizako portikuetatik.

Natura, paisajeak… eta gastronomia ere berezia du Hervasek. Corredera plazan, judutegiaren inguruko kaleetan eta Braulio Navas kalean daude tapeorako tarbernak eta jatetxeak.

Judutegia, ondare

Edonola ere Hervasi izaera berezia ematen diona da judutarren auzoa. Hervaseko judutegia Ondare Historiko eta Artistiko Multzo izendatua dago, iberiar penintsulan ondoen mantendu den judutar auzoa delako. Kale aldapatsu eta estuz osatua dago; XIV eta XV mendeetako arkitektura mantentzen duten duten eraikinez osatua. Gaur egun ikus daitezkeen etxe askok oraindik egurrezko armazoia dute eta balkoi luzeak bigarren pisuetan.

Egurrezko egitura mantentzen duten eraikinak ikus daitezke.
Ambroz errekaren ertzetik judutegiaren ikuspegi ederraz goza daiteke.
Hervaseko eremurik politenetakoa da judutegia.
Judutegiko kale sarean dagoeneko bat da sinagogaren kalea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude