Lanbide zaharrak ezagutarazten

Lehen gutxi baziren, Goierriko txoko hau ezagutzeko aitzakia berri bat prestatu dute Zegaman.  Izan ere, duela egun batzuetatik kea dariola dago txondorra. Dagoeneko galdua dagoen ikazkinen lanbide zaharra ezagutzearekin batera, udazken betean Goierrira gerturatzeko aukera ederra da.

Urriaren 13an piztu zuten egur meta, eta halaxe iraungo du hilabete batez. Barruko egurra erregosi egingo da poliki-poliki, ikatz bihurtzen den arte. Gertutik zainduko du labea ikazkinak; haizeak nondik jotzen duen, arnas zuloak gehiegi haunditzen ez ote diren… dena kiskali ez dadin. Barruko egurra ura galtzen doan eran lekua egingo da, eta gehiago beteko du. Azkenean, kearen koloreak esango du egurra noiz bihurtu den ikatz.

Anduetza Parketxearen kanpoaldean dago txondorra ikusgai. Joxe Ramon Agirre “Marronek” egin du eta bera ari da zaintzen.

Aizkorriko basoetan, Euskal Herriko gainontzeko lekuetan bezelaxe, aztarna utzi dute lanbide zaharrek; karobiek, meategiek, elurzuloek edo txondorrek. Ikazkintza antzinatik hasi eta duela hamarkada gutxi arte garatu den lanbide zaharra da eta lekuko dira gaur egun ikus daitezkeen pago-motxak edo txondor plazak, adibidez. “Ikazkintza eta basoa” egitasmoaren baitan egin dute txondorra, ogibidea ezagutzera ematearekin batera, honek gure paisaia kulturalean izan duen eragina erakusteko asmoz. Azaroaren 11an egingo txondorraren itzaltzea eta hustutzea.

Garai batean txondorra zaintzeko ikazkinek mendian izango zuten bizitokia irudikatzeko etxabola ere eraiki du.
Txondorraren egur egitura estai baino lehen. (Argazkia: Anduetza Parketxea)

Hemendik gertu… 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude